Pertsona
Hizkuntza guztiak izate biziak dira, eta, ondorioz, etengabe aldatzen ari dira. Hitz askoren esanahia, esangura aldatzen joaten da denboraren poderioz. Horietako bat «pertsona» hitza da.
Jatorriz, bai grekoz, bai latinez, aktoreek euren antzezlanetan erabiltzen zuten maskarari deitzen zioten. Maskara edo mozorro horren helburua ahotsa hobeto entzutea zen. Ez dago esan beharrik, garai haietan ez zeudela ahotsa ozen entzuteko gaur egun dauden mikrofono eta bestelako tresna teknikoak.
Latinez oso garbi agertzen da bere helburua: «per sonare», gaztelaniaz «para sonar» esan nahi duena. Hasierako esangura horrekin badauka nolabaiteko zerikusirik, garai hauetan, bai antzerkian, bai zinean aktoreek hezurmamitu behar duten paperakin. Baina, gehienbat, pertsona hitzak beste esangura hau dauka: Giza mota banakoa, bere ekintzen jabe dena.
Erromaterrentzat, adibidez, esklaboak ez ziren pertsonak, gizaki soilak baizik. Baina gizakia, gaur egun ere, ez da guztiz desegin pertsona hitzak maskaraz izan zuen loturaz. Denok daramagu nolabaiteko mozorroa gure bizitzan.
Bi mundu desberdinetan bizi gara. Bata, denen agerian dagoena, eta beste bat, guztiz desberdina, gutako bakoitzak bere barrenean bizi duena. Publikoki agertzen dena, oro har, askoz baikorragoa izaten da. Inork ez ditu bere arazoak azaldu nahi jendaurrean. Bere etxekoei edo sendagileari azalduko die dauzkan arazo fisikoak, baina fisikoak ez diren beste arazo mota asko ez ditu agerian jarriko. Horiek bere barrenean geldituko dira, eta askotan,arazo fisikoak baino larriagoak izaten dira, eta tratamendu zailagoa izaten dute.
Pertsonen intimitatea oso konplexua da, eta arazo guztiei etengabe irtenbibe bat aurkitu behar izaten da. Ez da zeregin samurra, eta bakoitzak uste duen konponbide hoberena aukeratzen du. Baina beti ez da asmatzen, eta arazoak konpondu beharrean zaildu egiten dira, eta une hoietan garrantzitsua izaten da beste pertsona erantzule eta egoki bati azaltzea daukagun arazoa.