Polideportibun be euskeri gaxoik!
Abenduan Ondarroako Udal Kiroldegian Pilates ematen duen irakasleak baja hartu behar izan zuen istripu baten ondorioz. Nire harridurarako, irakasle hau ordezkatzeko etorritako irakasleek (bi izan dira; bata egun baterako soilik) ez dakite euskaraz. Nola liteke Ondarroa bezalako udalerri euskaldun baten 2018 eta 2019 urteetan erabiltzaileen hizkuntza eskubideak bermatzen ez dituzten langileak kontratatzea Udal Kiroldegian.
Zerbitzu publikoa den heinean erabiltzaileen hizkuntza eskubideak bermatu behar ditu eta kasu honetan ez da hori horrela gertatzen. Benetan, lotsagarria eta onartezina iruditzen zait. Gai honen inguruan erantzun ezberdinak jaso ditut: Kiroldegian bertan esan zidaten zaila dela bapatean irakasle ordezko bat aurkitzea, erabiltzaileen artean berriz argudio ezberdinak entzun ditut; lasai egoteko, lana ondo betetzen duela edota Udalaren ardura ez dela honek kudeaketa enpresa bati esleituta diolako. Erantzun guzti hauen aurrean gustatuko litzaidake jakitea non gelditzen diren nire hizkuntza eskubideak.
Arazo hau ez da konponduko batak bestearen teilatura harriak botata; Udalak enpresa bati esleitzen dio Kiroldegiko kudeaketa baina Udala bera da nahi eta nahi ez arazo honen erantzulea. Udal Kiroldegi batek ezin du erabiltzaileen eskubideak bermatzen ez dituzten langilerik kontratatu; Udalaren ardura da esleitutako enpresen kudeaketaren kontrola.
Ondarroa herri euskaldun eredugarritzat (izan ere bada) saltzen den mundu honetan nola da posible 2018 eta 2019 urteetan hau gertatu eta isilik geratzea? Guzti honi bueltaka ari nintzen bitartean Uematik etxera heldu zitzaidan azkenengo Berri papera eta bertan hauxe da beltzez azpimarratuta irakur daitekeena: «Udalerri euskaldunak benetan garatzea da arnasguneen izaerari eusteko modu bakarra», hauxe da Azpeitian Lurraldea eta hizkuntza: Arnasguneen prebentziotik garapenera jardunaldietan ateratako ondorioetako bat. Bestalde, Berrian Patxi Saez Belokiren hitzetan hauxe irakurri dut: «Euskara lan egiteko hizkuntza izaten dugunean, orduan bihurtuko dugu euskaldunez osatutako gizartearen ardatz-hizkuntza. Azken batean gizakiaren hiru oinarri funtsezkoenak euskaratik eraikitzea da gakoa: familia, lagunartea eta lana». Bi aipamen hauek zer pentsatu eman didate, hausnarketarako uzten ditut.
Norbanakook gure hizkuntza eskubideen alde egiteko aukera daukagu erakunde publikoen kasuan ezin da inolaz aukera izan; derrigortasuna baizik, hots, zerbitzu publikoek gure hizkuntza eskubideak bermatu behar dituzte ezinbestean.
–Begoña Anakabe Solabarrieta. Ondarroako Zaldupe Udal Kiroldegiko bazkidea.