Porlandi
1966. urtean Porlandi izendatutako olerki zoragarria idatzi zuen Juan Mari Lekuona oiartzuarrak. Hartan, lehen eta gaurko zibilizazioa gobernatzen duen porlana olerkien ardatz jarrita, baserri mundutik hirira bizimodu duinago baten bila joan beharra duen baten burutapenez zihardun. Berrogeita hamalau urte ondoren, apaiz izandako haren hitzek zentzua izaten jarraitzen dute. Izan ere, migrazio joera hori, eten ez baita (2050. urtean biztanleriaren %60a hirietan biziko da). Halere, hazkuntza amaiezinaren lasterketak, orain arte tendentzia izan diren ikuspuntu ugari kolokan jarri ditu. Gizarteak, paradigma aldaketa eskatzen du. Erronka berri horren aurrean, zenbat eskertuko genuke 2005. urtean zendu zen literatur adituaren olerki garbi, zuzen eta berriak gurekin izatea. Horren faltan, ondo dago olerkian zehar armonia osoz aipatzen dituen pasarteak hona ekartzea. Zertxobait arakatu eta gaurko egoera zein den aztertzea.
Porlandi sorra, ogi-bidean pobreentzako bera baidugu lur emankorra. Leukona jaunak ezagututako lurzorua emankorra izaten jarraitzen badu ere, lurra lantzen dutenen lansariaren gehien bat bidean pilatzen diren bitartekarien poltsikoan geratzen da. Horrela, landa eremua eta hiriaren arteko desoreka handitu eta kasu askotan, irtenbidea, baserriari lepoa ematea izan delarik. Halere, 2007ko krisia geroztik gailendu den ekonomiak, soldata baxuak, gazteenen langabezia tasen hazkuntza edo etxebizitzen alokairuen gorakada ekarri ditu besteak – beste. Errai gabeko lur gogorrak, porlanak, neke seinaleak erakutsi dituelarik.
Hobe dugu gauza asko galtzea eta ez pobreak goseak hiltzea. Galtzea edo aldatzea. Aurretik dugun mende luze honetan, bizi kalitatea eta elikadura eskutik joango dira erabat. Iragartzen duten populazio hazkundea ikaratzeko beste da. Hiria hornitu beharko duen landa eremu indartsua, punta-puntakoa behar beharrezkoa izango da. Baztertutako bizimodu hura garrantzitsua, funtsezkoa bilakatu delarik.
Porlandi hesiaren zigorra: txoriak kaioletan, loreak ontzietan, jan-gauzak potoetan. Esan beharrik ez dago aurrez prestatutako jakien gerla horretan dauden familiak, prezio merkeagoen menpe bizi direla. Kalitate baxuzko produktuak mahairatuz, maite dituztenen faborez ezer gutxi egiten dute. Esaldi sinple zein eder horretan azaldutako zigorra, luzarorako zoritxarrez, kalean izango da. Halere, naturarekiko zaletasuna, kontzientzia areagotuz doa. Seguru baietz, ontzi eta potoen ordez, berdeak, gero eta zentzu zein presentzia handiagoa izango duela gure otzaretan.
Lana, eskola, sendakuntza –gogorra bada hau ere–huri handiz kanpo, non daude? Egia da, Hego eta Ipar Europako herrialdeek bizi duten errealitatea guztiz ezberdina dela. Landa eremuaren pobrezia egoera Hegoan askoz larriagoa da. Halere, oiartzuarrak idatzitakotik hona gauzak zeharo aldatu dira. Europar batasunean agintzen duen nekazal politikak, landa eremuaren indartzea du ardatz. Hirien bizi kalitatearen gakoa, landa eremuan diren herrien garapena bultzatzean dago. Porlanaren erabilera egokia beharko duten komunikazio sare aurrerakoiek (tren, errepideek eta internetek batik bat), megapolien soluzioa izango dira. Herri hauek bilakatuko baitira baserria eta hiriaren arteko bitartekariak. Hazkuntza jasangarriaren giltza. Gainera, aurreko mendeetan pairatzen ziren infekzio eta gaixotasunek, zibilizazioaren gailentzeak ekarri dituen beste arazo batzuei eman diete paso. Hiriak indartzen dituen alergiak, estresa, arazo asmatikoak, bihotzekoak, diabetesa, antsietate koadroak dira gaur egun egunerokoak. Horretan ere, landa eremua, sendakuntzarako farmako bortitzenetako bat izango dugu.
Gauean ez dut izarrik, egunez belarrik; baina pobreak horrela bakarrik giza neurritan litezke bizi! Faborez, ez gaitezen horraino iritsi. Baina onartu beharra dugu, herri askoren galera hori dela. Porlanaren hedatze metastasikoaren arazoak argi kontaminazioa, zarata, trafikoa edo zabor pilaketa dira. Zorionez, irakurri berri dudanaren arabera, kosta eremua, natura, herri garbiak eta planeamendu landu baten gidaritzapean haziko diren herriak izango dira etorkizuneko garaileak. Urdaibai eta Lea-Artibai. Benetan BAI, hor dira. Juan Mari Lekuona maisuak berarentzat nahiko zuen liga horretan gaude. Bagoaz!