Postalezko irudia
Uda. Bidaiak. Paisaiak. Jaia(aldia)k. Lagunak… eta klik, sareetarako argazkia. Horra hor azken urteetako udako eszenatokia. Posible ahal da gure buruetan Instagrameko post izugarri bako oporraldi bat irudikatzea? Lagunekin, familiarekin edo bikotekidearekin oporretan joaten gara eta bilatzen dugun bakarra postalezko irudia da. Gaur egun, ez delako nahikoa hiri batera joatearen pribilegio batez gozatzea; erakutsi egin behar dugu.
Izan ere, oporraldietako argazki perfektuaz aparte, egunotan oso modan jarri da makro jaialdietara joatea. Bertan ere noski, kontzertuaz gozatu baino, kontzertuaren argazki ezin hobea harrapatzea tokatzen zaigu. Bestela, zer da jaialdi batera joatea, ezin badugu erakutsi non ibili garen? Lehen pertsonan zerbait bizitzetik, selfie edota drone-ko irudietara joan gara, eta hortik, sare sozialetan partekatzera. Like eta bisualizazioen kopurua, ahalik eta gehien izan arte.
Baina, zertan oinarritzen da hain desiragarria egiten zaigun irudi hori?
Postalezko irudi horien atzean, ia beti, ikusezin geratzen den errealitate bat dago. Eta horren zati handia, prekarizazioarekin lotuta dago. Batez ere, gazte prekarizazioarekin. Agerikoa da gazteak lan merkatu merkeena garela, eta beraz, horrek, prekarizaziora bideratutako edozein motatako lan kontratuak onartzera eroaten gaitu. Hortaz, gero eta agerikoagoa da gazteak ordu luzeetako eta baldintza eskasetako lanpostuetan aurkitzea. Euskal Herria ez da salbuespen bat. Gurean ere, gero eta arrakastatsuagoak bihurtu diren postalezko irudien atzean, badaude ikusezin mantentzen diren egiturak eta errealitateak. Turistifikazioak eta zenbait alderdik inposatutako kontsumo eta aisialdi ereduek gazte belaunaldi oso bat egoera prekarioetara bizitzera bultzatu gaitu: lan prekarizazioa eta etxebizitza eskuratzeko eta bizi-proiektu bat eraikitzeko eskubidearen ezintasuna, besteen artean.
Era berean, azken aldian ikusi ahal izan ditugu Bilboko hiriburuan antolatu diren (makro)jaialdiak. BBK Live bezalako makro jaialdia irudi distiratsuz beteta dago.
Halaber, postalezko irudi eder horrek esplotazioaren eta prekarizazioaren aurpegia ezkutatzen du. Zer esanik ez, kultura kontsumo horietara bideratutako jaialdiek gure hizkuntzan eta batez ere herri txikietako jai ereduetan duten izugarrizko kaltea. Zeren eta jai herrikoek ez dute eszenatoki erraldoirik edota marka komertzialik izango, baina bai urte osoan zehar antolakuntza, parte hartze, mimo eta ilusio erraldoi bat.
Hortaz, ez dezagun ahaztu makro jaialdi handiek dakarten postalezko irudiaren atzean esku merkeetan oinarritutako egitura prekarioak daudela, multinazionalen irabazien mesedetara eginda, eta gazteak lanabes bihurtzen dituztenak. Horregatik, guk gureak diren jai herrikoiak defendatzen jarraituko dugu; parte hartzaileak eta auzolanaren bitartez antolatutakoak, euskaltzaleak eta feministak. Herria egiten dutenak eta egiten jarraituko dutenak.