Selektibitatea gainditzea, arauak bete gabe
534/2024 Errege Dekretuak arautzen ditu Unibertsitatean sartzeko probak (“selektibitatea” bezala ezaguna). Espainiako Gobernuak onartutako araua da.
12. artikuluak ezartzen ditu selektibitatea osatzen duten lau probak: Gaztelania eta bere literatura; Espainiako Historia ala Filosofiaren Historia (ikasleek aukeratu behar dute); Atzerriko hizkuntza; eta Batxilergoko bigarren ikasturtean nahitaezkoa den ikasgai bat (ikasleek aukeratzen dute).
12. artikuluak hau ere ezartzen du: Hizkuntza koofiziala duten erkidego autonomoetan bosgarren proba bat ere izanen da (Hizkuntza koofiziala eta bere literatura).
Proba bakoitzean 10 puntu banatuko dira eta selektibitatearen nota bost probetako noten batez bestekoa izanen da. Unibertsitatean sartzeko kalkulua horrela egiten da: % 60 Batxilergoaren notaren batez bestekoa eta % 40 selektibitatearen nota.
20. artikuluak hauxe ezartzen du: Selektibitatearen notarekin ados ez dagoenak berrikuspena eska dezake. Kasu horretan beste zuzentzaile batek berrikusten ditu probak. Bi puntuko diferentzia badago, beharrezkoa da beste bi zuzentzailek azterketak berrikustea eta azkeneko nota adostea.
Zer gertatu da aurten Euskal Autonomia Erkidegoan selektibitatean? Ba, euskarako azterketetan 313 ikaslek hasieran “zero” kalifikazioa jaso zutela (% 2’64). Berrikusketa eskatu zuten batzuek eta bigarren zuzentzaileak aztertu zituen berriz azterketak. Nota zerbait igo arren, zero inguruan geratu dira notak. 163 “zero” mantendu dira (% 1’37). Hor bukatu da berrikusketa prozesua, lehenengo eta bigarren zuzentzaileen artean bi puntuko diferentzia ez dagoelako.
Hala ere, 40 ikaslek auzitegira jo dute notaren aurka eta epaileek behin-behineko neurri moduan erabaki dute euskara proba kontuan ez hartzea selektibitateko nota kalkulatzeko. Behin-betiko erabakia agian urte batzuk barru etorriko da.
Epaileen behin-behineko agindua betetzeko 40 ikaspostu gehiago sortzea erabaki du EHUk, Eusko Jaurlaritzarekin hitzartuta, beste ikasleak ez kaltetzeko eta helegileei ikaspostua gordetzeko.
Antza, epaileek neurria justifikatu dute esanez badirela zantzuak azterketaren anonimotasuna bermatu ez izanarena. Oinarririk gabeko arrazoia.
Zer gertatuko da? Lehenengo zuzentzaileak jarritako notak ez du balio, ez omen zelako gorde azterketa egin zutenen anonimotasuna. Jakina, are anonimatasun gutxiago bigarren zuzentzailearen kasuan.
40 ikasle horiek azterketak errepikatzea ezin da konponbidea izan, anonimotasuna erabat desagertuta egonen bailitzateke.
Selektibitateko probak ikasle guztiek errepikatzea izan daiteke beste konponbide bat, anonimotasuna berrezartzeko. Baina gehiegizkoa da, bistan da.
Beraz, zer erabakiko dute epaileek? Ba, ziur aski, behin-behineko neurriak behin-betikoak bihurtzea. Hori, gure ustez, prebarikazioa izanen litzateke.
Horrekin loturik, euskara eta euskaldunok egurtzeko hainbertzetan erabilitako berdintasun-printzipioa non geratzen da oraingoan? Euskara eta literatura ariketan nota onak eta bikainak eskuratu dituztenen eskubideak non geratzen dira? Ala halako eskubideak eta printzipioak euskaraz ez dakitenen mesedetan eta euskaldunon kaltetan baino ezin daitezke erabili?
Selekzio batek Munduko futbol txapelketa irabaziko balu gol guztiak jokoz kanpo eginda, beste selekzioek jokoz kanpoko posizioa ezartzen duen araua bete beharko luketen bitartean, zer erranen genuke? Ba, selektibitateko aurtengo probarekin antzekoa gertatuko da.
Zerbait positibo izanen du honek guztiak: Jendearentzat argi geratuko da Euskal Herrian epaileen sistema propioa behar dugula. Zerotik sortuta, epaile elebidunekin (euskara eta gaztelania menperatuko dituztenak). Ez da nahikoa izanen. Euskararen arauak betearazi nahiko ez lituzketen epaileak kargugabetzeko mekanismo bat aurreikustea ere beharrezkoa izanen da.
Denborak erranen du, baina pronostikoan huts egitea nahiko genuke.