Teknoalzheimerra
Toledoko Urdan izandako tren-istripu lazgarriak galdera asko itzi deuskuz airean. Horreetariko bat, trenaren segurtasuna zenbateraino itzi behar dan gizakien esku. Egunotan entzuten gabilzanez, huts parkaezina da holako garraiobide baten segurtasunaren ardura pertsonen esku iztea. Teknologiaren erabilera askoz seguruagotzat joten da, nahiz eta teknologiaren hutsegite baten ondorioz etorri dan gizakien esku hartzea kasu honetan.
Adituek argitu beharko dabe zer gertatu zan, zeintzuk diran seguridade mekanismorik egokienak eta zelako neurriak hartu behar diran holakorik barriro ez jazoteko. Ez dot horretan sartu gura. Baina gai honek beste galdera bat ekarri deust burura: gero eta konfiantza gitxiago daukagu gizakion gaitasunetan? Pertsonok egin izan ditugun gero eta zeregin gehiago gabilz makinen eta teknologiaren esku izten, horrek daukazan onurekin eta alde txarrekin. Makinek kalkuletan dabe, gidatzen gaitue, bidea erakusten deuskue eta gogoratu beharrekoak gogorarazoten deuskuez. Abantailak ukaezinak dira, baina erosotasun bakotxak badauka beste alde bat: erabilten ez dogun gaitasuna ugertu eta galtzeko arriskua.
Ez da gaurko kontua. Idazkera zabaldu ahala, oroimenaren zeregin batzuk paperaren esku itzi genduzan. Kalkulagailuagaz, buruzko eragiketak gitxiago lantzen hasi ginan. GPSagaz, mapak irakurteko eta geure moduz orientetako ohiturea makaldu jaku askori. Adibide txiki bazuk baino ez dira. Teknologia gero eta gehiago erabili ahala, zer irabazi eta zer galtzen dogu bidean? Adimen artifizialagaz galdera hori preminazkoagoa da. Lehen geuk bilatzen, laburbiltzen, idazten edo erabagiten genduzan gauza asko orain segundu batzuetan egiten deuskuz makina batek.
Microsoft Research eta Carnegie Mellon unibersidadearen 2025eko ikerketa baten arabera, adimen artifizialean konfiantza handia eukiteak pentsamentu kritikoa gitxiago erabilteagaz lotura zuzena dauka. Horrek ez dau esan gura burmuina hondatuko jakunik, baina argi dago gure ahalegin intelektualean eragina daukala.
Gainera, orain arteko aldaketa nagusiak belaunaldiz belaunaldi gertatu izan badira be, oraingoak oso denpora tarte laburrean datoz. Beraz, abiadura honetan, makina eta teknologiekiko mendekotasuna zenbatean handituko ete da hurrengo urteetan? Zelakoak izango ete dira hemendik hogei urtera geure arreta, pazientzia, sormena, oroimena eta arazoei aurre egiteko gaitasuna? Gaur egun egunerokoak ditugun zeintzuk zeregin egiten ahaztuko jaku? Teknoalhzeimerrak ahanzturaren zulo baltzean sarrarazi orduko erantzun beharreko galderak, diagnostiko goiztiarra egin eta prebentzino tratamendurik egokienari ekiteko.