Trebetasunak helburu
Irakasleen zeregin nagusia, zalantza izpirik gabe, ume bakoitzak bere baitan izaten dituen dohain edota gaitasun jasoak identifikatu, azaleratu eta hobetzen irakastea da, besteak beste, baina zoritxarrez ez da oso gutxitan baino horrelakorik gertatzen.
Gazteen hezkuntza eta heziketaren inguruan, gaur egun guraso eta irakasle askok agerrarazten duena baino interes eta ardura nabarmenagoa erakutsi beharko litzateke baina, gehienetan, zoritxarrez, ikasleei egokitasunez, probetxu handiz, eraginkortasun jasoz eta antolaketa egokiz ikasten irakatsi baino nahiago izaten da, epe laburrera begiratuz, ebaluazio bakoitzean dituzten azterketak gainditu eta ikas-prozesua arazo handiegirik gabe igarotzea, baina… erreka horrek ur-emaririk ez.
Azken argitaratutako Ebaluazio Diagnostikoak, PISA Txostenak, PIRL Informea eta EHUko ISEA Fundazioak argitaratutako Euskal Hezkuntza Sistemaren ikasketa-emaitzen azterketa adieraztera datorkigun txostenak iragarritako datuak ikustea besterik ez dago, Hezkuntza Sistemaren porrot nabarmenaz jabetzeko.
Hizkuntzen erabilerara etorrita, gazterik gehienak benetan eleaniztun izatetik oso urruti daude, Ebaluazio Diagnostikoak azaltzen duen bezala. Irakurtzea hobe.
Gurera etorrita, euskarari dagokionez, ahozko erabileran beherakada nabarmena izan da eta euskaraz idazterakoan eta are gehiago irakurketari dagokion esparruan, egoera benetan larri eta latza bizi du gure Hezkuntza Sistemak. Egoera hori aspaldiko urteotan etengabe eman den arren, errotik eraldatzeko ezer gutxi egin da eta egiten da.
Irakurketa-trebetasunari dagokionez, urterik urteko hondamendi progresiboa gero eta nabariagoa da; Hezkuntza Sistemak, ikasleen egungo irakurketa eta ulermena, atontzeke dagoen gai nagusi eta larrienetako bat dela jakin eta onartu arren, oraindik ez du ezer egin eta emaitzak, urteen joanean, txarrera besterik ez dagie.
Ikasleei Hezkuntza Sistemak irakasten dien irakurketa metodologiak arazo erabat larriak sortzen dizkie eta gurasoei egonezin eta artegatasun nabarmena.
Irakasleak ez dira arazo larri horiez arduratzen, hori ez baita, antza denez, egitea dagokien zeregina. Ikastetxeek, irakurle geldo, trebetasun urriko, ulermen oso gutxiko eta arreta ez irakurketa ohiturarik ez duten ikasleak sortzen ditu, denen (ikasleen eta guraso) kalte eta egonezinerako.
Ikasleek irakurketa-prozesua ikasten hasten direnean euron gaitasuna irakasleek etengabe egiten dizkien frogen bitartez adierazten dute. Trebetasuna helburu beharrean, emaitzak helburu. Eta hori ez da jarraitu beharrekoa den bidea. Lehen Hezkuntzako azken hiru ikasturteetako ikasleen gurasoei euren seme-alaben irakurketa urriaren berri ematen zaie baina, aldiz, ez zaie egoera horri eraldatzeko inolako arau edota ekintza zehatz eta eraginkorrik ematen… Lehen Hezkuntzan irakurketa froga anitz egiten da; DBHtik aurrera batere ere. Zentzugabea.