Txapelketak taldean
Martxan dago Bizkaiko Taldekako (bertso) Txapelketa. Lehenengo fasean dago oraindik, eta gaur iluntzean jokatuko da Markina-Xemeinen kanporaketa horietako bat. Hiru taldek parte hartuko dute: Akerbeltzen antxumak Markina-Xemeingo taldeak, Itallen Larrabetzuko taldeak eta Dolu gabe Busturialdeko taldeak. Horietako batek egingo du salto hurrengo fasera, eta txapelketa fasez fase jokatuko da maiatzaren 25eko finalera heldu arte.
Taldekakoa oso txapelketa berezia da. Bertsolariek ezin dute eurek bakarrik izena eman, taldean egin behar dute. Hurrengo partaideekin egon behar dira osatuta talde horiek: bertsolariak, gai-jartzaileak, epaileak eta antolatzaileak. Horrela, taldea arduratzen da bertso saio batek behar dituen detaile guztiak kontuan hartu eta saioa antolatzeaz: kartela egin, gaiak ipini, aretoa lotu, afaria egin, epaileen taulak txukun jarri… Txapelketa honetan ez du balio puntako bertsolari bat herrian izateak, ze ezingo du kantatu talderik bilatzen ez badu. Gainera, bertsolariek ere lanak taldean egin behar izaten dituzte: hiruk kantatzen dute, eta guztiek egindako ariketak batzen dira azken puntuazioa lortzeko.
Txapelketa eredu honekin garrantzia ematen zaio bertsolari on eta ez hain onen elkar laguntzari, eta batez ere atzeko lanari. Hau da, ordubeteko saioa ondo ateratzeko, aurretik egin beharreko orduei ematen zaie pisua. Alegia, antolatzaileen, gai-jartzaileen zein epaileen lanari.
Taldekako txapelketaren filosofia ederra da, baina oinarrira joanda, ez al dira txapelketa guztiak taldekakoak? Berdin da kiroletan zein bertsotan. Atzeko lana beharrezkoa da aurrekoek gozatu eta gozarazteko. Beti behar baitira gai-jartzaile, epaile, petodun, antolatzaile edo saio aurretik bazkariak prestatzen dituztenak.
Ainhoa Agirreazaldegik txapelketan kantatu zuen moduan: «Izarrek argi egiteko zerua sortzen dutenak». Markina-Xemeinen zerua prest daukagu gaur gauerako, zatozte gozatzera!