Umorearen drama
Publiko aurrean lan egiten dutenei sarri entzun izan diet errazagoa dela jendaurrean drama egitea umorea egitea baino. Antza, errazago ateratzen zaizkigu negar malkoak barrearenak baino. Ez dut uste triste bizi garelako eta barre egiteko gogorik ez daukagulako denik, hain justu. Alderantziz, ni neu barre egiteko gogoz joaten naiz aisialdiko ekintzetara, eta hor dago lehenengo gakoa: horren bila joaten gara sarri, eta lortzea zailagoa egiten da.
Baina badago beste zerbait garrantzitsuagoa, nire ustez. Historikoki, umorea sortzeko eta lortzeko sarri jo izan da kolektibo zapalduetara. Erraz egin da barre emakume histerikez, ijito lapurrez, beltz langileez edo fisikoki ederretik aldentzen diren gorputzez. Eta zer gertatzen da horiek plazaratu eta kontzientzia hartu ahala? Umorea ez dela umore, haserre bide baino. Jende guztiari graziarik egiten ez badio, umore izateari uzten diola, alegia.
Ez al da ederragoa berdinetik berdinera edo behetik gora barre egitea? Txistearen subjektua kolektibo zapaldukoa bada, grazia egiten diguna zer da, zapalkuntza bera? Nik, behintzat, gehiago gozatzen dut 2.000 ikuslek batera barre egiten dutenean, ikusle batzuentzako mingarri den txiste bat kontatzen didatenean baino. Are gehiago, askoz ederragoa da umorea norbere buruari barre eginez gero, eta gure parekoei buruz barre egitea, geure buruai barre egitea ere izan daiteke batzuetan.
Dramarekin kontrakoa gertatzen da: 2.000 ikusletik bakarraren arazoa kontatu arren, enpatizatzera heltzen gara, eta barrua mugitzen digu horrek. Zergatik ez dugu zapalduak direnekin enpatia lortu eta txiste horiekin barre egiteari uzten?
Umorea egiteko moduak aldatu dira jendartea aldatu ahala, eta ez da hain erraza guztien barrea lortzea. Baina kontua da bideak bilatu behar direla guztiontzako drama adostua dagoen moduan, umore adostua eta denontzako baliagarria dena bilatzeko. Erraza ez izan arren, kode adostuak zeintzuk diren identifikatu eta umorea sortu jende guztiarengana heltzeko. Berdinetik berdinera, denontzako barregarri, denontzako gozagarri. Edo bestela, gure drama errazei barre egiten hasi.