Unorthodox
Ezohiko aro batean murgilduta gaude. Arauak, distantzia, musukoa, errepresioa. Hau ez eta bestea ere ez. Gure osasunerako dela diote. Baina kateatuta, aukeratzeko askatasunik gabe, horrela bizi gara.
Pazientziak gainezka egin du jada. Hasierako larritasun une haiek ahaztu dira. Orain, bakoitza bere bidea bilatzen ari da. Musukoa jarrita, nola ez. Baina, ito larrian gaudela eta, berekoi izateari ekin diogu. Artikuluak ez betez. Sistema zoro eta berri hau hautsiz.
Askatasun denbora berri bat aldarrikatzen ari gara. Halere, lehenago edo beranduago, naturak aukera hori eskainiko badigu ere, aldizkari ofizialetan argitaratzen ez diren beste arau batzuen menpe bizitzen jarraituko dugu. Kate berberak, mamu ezberdina. Aspaldian etxaldeetan egiten zen gisara, behien uztarrira lotutako bizimodua daramagu eta. Ezkutuan etengabe lan egiten duten botere faktikoei buruz ari naiz, nola ez.
Oharkabean edo konbentzituta, kasuak kasu, aldez aurretik guretzat pentsatu eta eraikitako bidean barrena goaz. Zuzen, haiek nahi duten helmugara. Horrela, diseinatutako sistematik kanpo bizitzera ausartzen diren haiei, oztopoak non-nahi jartzen zaizkie. Hori gutxi balitz, behar denetan, gizarteak berak zapaltzen ditu haiei buruz zabaldutako komentario eta esamesekin. «Arraroa», «frikia», «bakartia» edo «flipatuta» bezalako piropoak entzuten dira. Eta penagarria bada ere, hasiera batetan bizi alternatiba berri bat bezala ikusten zena modan jartzen bada, sistemak irentsi eta kontsumo masiborako balio duen produktu batetan transformatzen du. Mindfulness, Yoga, running edo spinning, esaterako.
Horrela goaz, aurrera, Unorthodox telesail famatuko Esty Schwartz imitatuz. Dogmak hautsiz. Ortodoxiatik kanpo aske bizitzeko, guk guretzat sortutako bidea eraiki lehen eta gero ibili nahirik. Baina, hemendik eta handik, jipoiak jasoz. «Kontu izan», «arriskutsua da», «ez horrelakorik egin» eta kakaz beteriko aholku hauek entzuten. Ukatzaileak, erabat.
Aurrera. Bizitza bat da. Denborarik ez galdu. Ausartak izan. Saltoa eman. Ekin.