URDAIBAI MEHATXUPEAN
Urdaibain bizi garenok Biosfera Erreserbari erakunde pribatu zein publikoetatik egiten ari jakozan eraso eta mehatxuen lekukoak gara.
Mehatxatuta dagoz bai ingurumena zein herritarron bizimodua be, eta hori dana, gainera, engainuz beteniko kanpaina bategaz, ingurumenarekiko errespetua eta herritarrei jagokenez, herritarren parte-hartzea kontutan hartzen dabilzala erakutsi gurean.
Erreserbari eginiko kalteak modu askotakoak izan arren, nire eretxiz, larrienetakoa urteetan zehar, 1973tik 2003ra hain zuzen be, Astilleros Murueta enpresatik eginikoak dira.
Enpresa honek hiru hamarkadatan itsasadarraren hondoko sedimentu kantitate izugarri handiak, milaka eta milaka metro kubiko dragatu, kriston isurketak egin, eta adibidez, San Kristobal eta Kanalan, lehen padura ziran bioaniztasunaz beteriko eremuak areatzak bihurtu ebezan. Hau guztia, Erreserbako gunerik ahul eta zaurgarrienean, bere nukleoan, egin arren, ez dau ezelango ondoriorik izan. Zein lotsagarria! Eta larria be oraindino, Francoren gobernuak Astilleros Muruetari emondako eremuaren kontzesioa 2018an amaitu zan. Eta? Bertan jarraitzen dau.
Zoritxarrez ez da hau Erreserbari, ingurumenari, egindako kalte bakarra baina esanguratsuena iruditzen jat.
Beste mehatxu larria, herritarrontzat batez be, zorioneko Urdaibai Guggenheim museoarena da. Mehatxuok 2008. urtean hasi ziran BFAn Jose Luis Bilbao diputatu nagusia egoala. Eta burutazioa, museoa Sukarrietako Esperimentazio Zentroan kokatzea izan zan. Urte horretan, beste askotan bezala, bertan nengoan nire ikasleekaz, eta ezinegon ikaragarria zabaldu zan han gengozan guztion artean.
Bapatean, punta-puntako metodologiako zentro esperimentala hutsaren hurrengoa zan Guggenheim Urdaibaik lehentasun guztia eukolako. Eta daborduko hamazazpi urte daroaguz matraka honegaz!
Zorioneko burutazio hori ez jake ahaztu politikoei, eta 2020tik esaten deuskue bai ala bai museoa aurrera doala. Non eta Astilleros hartzen daben lekuan, hau da, Erreserbaren erdi erdian.
Labur esanda, instituzioetako arduradunek (esaten dabenak klima aldaketagaz eta naturaren defentsagaz kontzientziatuta dagozala) erreserba zaindu beharrean, legeak aldatu eta enpresa depredatzaileak negozioa egiteko, Urdaibai salgai jarri nahi dabe. Hau al da eskualdea berpizteko bururatzen jaken ideia bakarra? Negargarria daukaten ezagutza eta ideia falta… ala asmo txarra.
Eta guzti honen aurrean zer? Masifikazio turismoaren menpean ez badogu egon gure, aurre egin beharko deutsegu kalean, komunikabideetan eta ahal den guztietan, honetan bai…
Bai ala bai.