URREA
Paralinpiar jokoek batu dituzte abuztuaren bukaera eta irailaren hasiera. Telebista, prentsa edota sare sozialen jarraipen datuetan nabari da ez duela uztailaren azken astean hasi ziren Joko olinpikoen eztanda eragin baina, gehiago ari naiz jarraitzen kirol egokituaren jaialdia, hilabete lehenago Paris munduaren zilbor bilakatu zuen hura baino.
Hezkuntza bereziko langilea eta kirolzale amorratua naiz, baina orain gutxira arte ez ditut esparru biak lotu. Oraintsu hasi naiz binomio horretan lehen pausuak ematen eta mundu (zoragarri) bat da kirol egokituarena. Paralinpiarretan, udako 25 kirol daude eta beste 5 neguan. Guzti horiek 10 multzotan sailkatzen dira adimen, ikusmen edo desgaitasun fisikoaren arabera. Guztiak ederrak eta guztiak merezi duten eta eman behar zaien ikusgarritasunaren azpitik. Urtean zehar telebistan, kirolean espezializatutako espainiar kate bat da bere programazioan tartetxo bat egiten dion bakarra: bi asterik behin 10 minutuko programa bat. Zer esana eta zer pentsatua ematen du, bai. Ez direlako ikusten dugun guztia eta ez dugulako diren guztia ikusten.
Egunerokotasunean jarraitzen ez ditudan kirolei begiratzeko baliatzen ditut lau urterik behingo joko olinpiar eta paralinpiarrak. Oraingoan, arku jaurtiketari so ibili naiz eta beste kirol eta kirolaririk gutxietsi gabe, horren errudunak izen-abizenak ditu: Sheetal Devi. Bere bideoak bolo-bolo dabiltza sare sozialetan baita albistegi (gutxi) batzuetan ere. Besorik gabe jaio zen arkulari indiarra milaka pertsonen inspirazio iturri bilakatu da 17 urterekin, fokupean lehiatzen jarri den unean. Zehaztasun beldurgarriarekin jaurtitzen ditu geziak, arkua hanka batekin eta gezi-soka sorbalda eta masailezurraren artean eusten dituelarik. Eta guk «ezin dut» edo «ezinezkoa da» esaten dugu nahi beste alditan.
Domina lortzea gauza ederra da, baina are ederragoak dira gainditzeko gaitasunean emandako erakustaldiak eta jendearengan eragindako hausnarketak edo sortutako galderak. Gizarte inklusibo eta egokitu batean bizi ote garen, desgaitasundun pertsonek aukera berdinak dituzten… Egunerokotasunean pil-pilean egon beharko litzatekeen borroka bat da eta ez lau urterik behingo fokupeko eztabaida bat. Urrezko domina bana lehiakide bakoitzarentzako, ateetan geratu direnentzako eta kirola lehiaketatik at egiten dutenentzako! Ez dagoelako desgaitasunik, gaitasun desberdinak baizik.