Urtean behin
Mugikorreko notas apartatuan begiratu eta testu kutre, saskibaloi entrenamendu eta abesti eta film desberdinen zerrenda artean, 4 orrialde «berezi» topatu ditut. Kakotxo artean idatzi dut berezi hitza, pentsatuz orrialde horiek ezer gutxi dutela berezia, baina nolabait katalogatzearren hitz hori esleitu diet.
Urtean behin idazten ditut aipatutako hauek. Denak urte desberdinetako garai berdinetan; Gabon garaian. Noski, idazten diren egun horretan soilik begiratzen diren horietakoak dira. Izan ere, neure burua nolabait engainatzeko balio didate. Hurrengo urterako «propositoen» zerrendez ari naiz. Agian orain ulertuko duzue hobeto aurrean esandakoa. Gimnasioan hasi, unibertsitateko lanak egunean eraman, entrenamenduetara lentillak eramateaz ez ahaztu, logela ordenatu, eta hildo horretatik doazen beste hainbat gezur irakurri ditut urte hauetan idatzitako mugikorreko 4 orrialde «berezi» horietan. Gezurrak, zeren eta esan bezala, 2021, 2022 eta 2023 urteetako «propositoak» ziren, eta imajinatu dezakezuen bezala, 2024a ate joka dugun honetan nire logelak oraindik «leonera» bat ematen du, amak esaten didan bezala. Gimnasioarena hobeto aipatzen ez badut. Unibertsitateko lanak abenduko oporretarako utzi ditut. Eta joan den asteazkenean entrenamendura lentilla barik joan nintzen.
Hala ere, urtero saiatzen naiz nire burua engainatzen, eta aurten ere egin dut horrelako zerrenda bat. Zerrenda horretakoak betetzeko esperantza gutxirekin, esan behar dut. Baina, tira, esperantza galtzen den azkena dela diotenez, horri helduko diot. Nire moduan beste askok ere egiten dituzte inoiz betetzen ez diren propositoen zerrendak, eta horiek ulertuko nauzue, espero. Baina urteren baten zerrenda horietako puntu bat beteko dudan esperantzarekin, beste urte askoz jarraituko dut horrela. Ziur.
Gabon zoriontsuek eta urte barri on!