Uxu Ondarroako emakumeen taldea: "Feministok prest!!!"
Emakumeok gure bizitzen protagonistak garela erakutsi digu feminismoak. Gure gorputzak gureak direla eta gurí dagokigula erabakitzea nola bizi nahi dugun.
Agian, gaur egungo Euskal Herriko neska batentzat pentsaezina da pasaportea izateko aitaren edo senarraren baimena behar izatea, edo zure kontu korrontetik dirua ateratzeko senarraren baimena behar izatea. Baina ez dira hainbeste urte pasa hori horrela zela.
Antolakuntza eta borroka feministari esker emakumeon bizitzak hobetu egin dira. Emakume batzuk aurrerapauso handiak eman zituzten, baina mugimendu feminista izan da emakumeok orain ditugun eskubideak lortu dituena, era askotako ekintza feministei esker gure egoera hobetuz.
Matxismoari aurre egitea bide neketsua eta gogorra da, hain barneratuta dauden jarrera eta pentsakera sexistak aldatzea ez baita erraza. Instituzioek berdintasun politikei lehentasuna ematen ez dieten bitartean, are zailagoa da.
Euskal Herriko mugimendu feministak indarkeria matxistaren aurka “11 eraso 12 erantzun. Feministok prest!! Vuestras violencias tendrán respuesta” lemapean manifestazioa antolatu du apirilaren 9an, Gasteizen. Eraso sexistak eta mugimendu feministaren kriminalizazioa salatzeko eta indarkeriari buruzko hausnarketa eta eztabaida soziala sustatzeko.
Denon ardura da emakumeon aurkako indarkeria deuseztea. Arazoaren muinari heldu eta konpromisoak hartzeko ordua da. Indarkeria matxista eta emakumeak menpean jartzen dituzten botere harremanak borrokatzeko apostu argiak egiteko garaia.
Manifestazioan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. Ondarroako Andrabanda talde feministak autobusa antolatu du; nahi izanez gero, Etxelilan izena eman besterik ez duzue. Mugimendu feministarekin bat eginez Gasteizko kaleak bete ditzagun apirilaren 9an, gure ahotsak argi eta ozen entzun daitezen.
Alazne Artetxe Egaña, Uxu Ondarroako emakumeen taldearen izenean.