Zaintzaz hausnartzen
Ezohiko egoera honek egonkor sinisten genituen oinarriak higiarazi ditu. Batzuek neurri handiagoan eta beste batzuek neurri txikiagoan, baina denok aldatu behar izan ditugu harremantzeko, jarduteko eta bizitza egituratzeko joerak. Ezohiko egoera honek bizitza automatikotik atera gaitu eta besteen zer nolako beharra dugun erakutsi digu. Horrela, zenbait mugimendu sozialek denbora luzean aldarrikatzen ibili diren kontzeptua erdigunean jartzea lortu da: zaintza.
Baina, zer da zaintza? Zer da zaintzea eta zer da zaindua izatea? Mendekotasunaren ikuspuntutik, pertsona bat zaintzea eguneroko oinarrizko ekintzetan laguntza ematea da. Ikuspuntu hori nahikoa motz geratzen da, ordea. Norbait zaintzeak berak bakarrik egin ezin dezakeen zerbait berarentzat egitea, edo berak bakarrik egingo lukeena baino hobeto egitea edota bera zeregin baten zamaz libratzeko egitea… esan nahi du. Azken finean berarentzat onura bat suposatzen du. Horrek ez digu ahaztarazi behar zaintzaile askorentzat beste batzuk zaintzea onuragarria dela.
Hala eta guztiz ere, historia osoan zaintza lanak emakumeok egin izan ditugu. Sistema soziala bere horretan mantentzeko eta hazteko ezinbestekoak badira ere, ez zaie inongo balio sozialik esleitu. Gipuzkoako berdintasun arauak oso polito jartzen du: zaintzaileak, erabaki beharko luke zaindu nahi badu ala ez, nor zaindu nahi duen (seme-alabengan duen arduraz at) eta nola. Zainduak, artean, zaintzak jasotzeko eskubidea du eta zaintza horiek nolakoak izaten behar diren erabakitzeko ere. Gauzak horrela, zaintzaren asunto hau bi gehi bi eragiketa ebaztea baino zertxobait zailagoa bilakatzen zaigu. Behin zaintzaile-zaindu binomioa eratuta, harremanaren elkarrizketa eta dantza hasten baita; zaintza goitik behera egiten den ekintza asistentzial bat izatetik, bi pertsonek adostu behar duten ekintza bateratua izatera pasatzen delako.
Beste batekin egiten duzun zaintzaren ekintza horren inguruan, bada, hurrengoak iruditzen zaizkit interesgarri: Zer nolako balioa du zuretzat zaintzak? Zeintzuk kasutan izaten da zure apetakoa, zeinetan geratzen zara asebete ez zaren sentsazioarekin? Zer egiten duzu zuk zaintza esperientzia bat pozgarria izan dadin? Zer baldintza uste dituzu berebizikoak direla zaintza jarduna baikorra izateko?
Galdera hauen eta beste askoren erantzun posibleak elkarrekin hausnartzen ditugun bitartean ere, zaintzen jarraitu gaitezen!