Zentzugabekeria eten; Pablo Gonzalez askatu!
Dagoeneko bi urte pasatu dira 2022ko otsailaren 28an Pablo Gonzalez Euskal Herriko kazetaria Polonian atxilotu zutenetik. Migrazio krisiaz informatzen ari zela atzeman zuten, Przemysl hirian, Ukrainako mugatik gertu; Poloniako fiskaltzak Errusiako zerbitzu sekretuen alde lan egitea egotzi zion, eta orduz geroztik Rzeszow eskualdeko Radom espetxeko ziega batean dute preso. 730 egun egin ditu barrote artean.
Preso hartu eta ordu batzuetara atxiloaldiak laster bukatu behar zuela etorri zitzaigun askori burura, espioitza akusazioaren zentzugabekeriagatik. Bada, ordutik, bata bestearen atzetik etorri dira espetxealdiaren luzapenaren albisteak, Europako Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 47. artikuluak dioenaren aurka: «Pertsona orok du eskubidea bere auzia epaile independente eta inpartzial batek entzuteko, aurrez legez ezarritako zentzuzko epe baten barruan. Pertsona orok du aholkatua, defendatua eta ordezkatua izateko eskubidea», baitio artikuluak.
Hainbat eskubide urratu dizkiote Gonzalezi. Ia hilabete eman zuen abokaturik gabe: ez ofiziozkoa, ez pertsonala. Ia bederatzi hilabete pasatu ziren bere bikotekide Oihana Goiriena ikusi ahal izan zuen arte. Urtebete igaro behar izan zuen bere abokatu Gonzalo Boye parez pare ikusi gabe.
BERRIAko langileok ez dugu ahotsa behar adina altxatu azken bi urteotan, baina argi eta ozen eskatu nahi dugu Gonzalez aske uzteko; haren familiari eta gertukoei elkartasuna adierazi nahi diegu; eta Euskal Herriko zein nazioarteko erakundeei eskatu nahi diegu ahaleginak egin ditzatela Poloniak kazetaria aske utz dezan.
Ezagutzen ditugu espetxean urteak pasatu dituzten Euskal Herriko kazetariak ere, adierazpen askatasunaren eta Euskal Herriko hedabideen eta kazetarien aurkako erasoak ez baitira gutxi izan urteotan. Iazko ekainean zendutako Jabier Salutregi Egin-eko zuzendari ohiak ia zortzi urte egin zituen espetxean. Teresa Toda Egin-eko zuzendariordeari, berriz, sei urteko espetxe zigorra ezarri zioten, eta osorik bete zuen Euskal Herritik urruneko kartzeletan.
Pablo Gonzalezen kasua, tamalez, ez da gertakari bakan bat, kazetarien jarduna etengabe oztopatzen baitute. Inongo funtsik gabeko akusaziotan oinarrituta isilarazten dituzte batzuk, eta beste batzuk heriotzarekin isiltzea lortzen dute munduko leku ugaritan. 2023 amaieran, esaterako, 547 kazetari zeuden kartzelan, Mugarik Gabeko Kazetarien arabera. Arbuiatzekoa da Gazan eta Zisjordanian gertatzen ari dena ere: Kazetari Palestinarren Sindikatuaren arabera, 2023ko urriaren 7tik hona 120 kazetari baino gehiago hil ditu Israelgo armadak.
Munduko bidegabekeriei buruz libreki informatzen segitu nahi dugu BERRIAko kazetariok, eta horretarako libre behar ditugu kideak ere. Zentzugabekeria etetea behar dugu; Pablo Gonzalez askatu dezatela.