Zer fakturatzen dugu emakumeok?
Emakumeok jada ez dugu negarrik egiten, fakturatu egiten duguĀ». Horrela dio aspaldian neska gazte eta nerabe askoren ahotan dabilen abestiak. Shakiraren hitzak ahalduntze keinu gisa saltzeak eta, ondorioz, horrela ulertu izanak, aztoratuta nauka, egia esan. Nire ustez, emakumeon ahalduntzea termino monetario, indibidualista eta emoziorik gabekoan kokatzen du, eta iruditzen zait norabidea kontrakoa izan beharko litzatekeela. Feminismoak emakumeon askatasuna modu kolektiboan, subjektibitateak errespetatuz eta parametro antikapitalistetatik bakarrik eskuratu daitekeela erakutsi digu.
Emakumeok fakturatu egiten dugu, bai, baina emakumeok fakturatzen duguna eta ondorioz sortzen dugun aberastasuna ez da emakumeon artean banatzen; ez orain, ezta lehen ere. Hasteko, sektore prekarizatuenetan lan egiten dugu. Jabeak aberatsenen zerrendetan agertzen diren bitartean, langileak baldintza prekarioetan dauden sektoreek emakume aurpegia daukate: ehungintza, garbitasuna, zaintza edo elikagai salmenta. Bigarrenik, lan bera egiteagatik gutxiago kobratzen dugu, soldata arrakala datuek argi eta garbi uzten duten moduan. Guzti horrez gain, industria ezberdinetan emakumeak fakturazio subjektu izan beharrean, fakturazio objektu bilakatu gaituzte (pornografia, prostituzioa, utero alokairuak…) merkatu legearen araberako balioa duen merkantzia huts gisa tratatuz.
Emakumeok fakturatzen ez den aberastasuna sortzen dugu, gainera. Bizitza bera sostengatzen duten lanak burutzen ditugu, eta gehiegitan parametro monetarioetatik haratago kokatzen dira, jendartearen biziraupenerako ezinbestekoak diren lanak izan arren. Hau da, komunitatea bera posible egiten duten zaintza lanak musutruk egiten ditugu emakumeok, eta honek logika kapitalistan baliorik ez daukanez, beharrezkoak bezain ikusezinak bihurtzen dituzte lan hauek.
Bizi dugun egoera honen aurrean, emakumeok negar egiten dugu, bai, eta negar egiten jarraitzeko asmoa daukagu, gainera; baina jada ez dugu bakarrik negar egiten, elkarrekin egiten dugu negar, ahizpatasunean sakonduz. Emakumeok mendeetan sufritutako zapalkuntzak malko asko isuriarazi ditu, eta sortutako malko guzti hoiei feminismotik emandako bultzadari esker gaude gaur olatu berri baten baitan. Soldata arrakalaren kontra kalera atera gara, langile borroka ezberdinen protagonistak gara (garbitzaileak, erresidentzietako langileak, etxez etxeko zerbitzukoak, Gorabideko langileak…), baita bortizki jipoituak izan ere Gurutzetako garbitzaileekin ikusi dugun moduan, eta berriz ere Euskal Herriko kaleak betetzea lortu dugu martxoaren 8an guztion bizitzak erdigunean kokatzearen beharra aldarrikatuz.
Kaleak betetzeaz gain, ordea, sistemari arrakalak sortu behar dizkiogu, berau irauli nahi badugu, behintzat. Eta horretarako, min gehien ematen dion tokian kolpatu behar dugu, elkarrekin.
Eta fakturatzeari uzten badiogu? edo haratago joanda, fakturatzen ez den lan hori egiteari uzten badiogu?