Zer gertatzen ari da Mutrikun?
Mutriku albiste izaten ari da askotariko jarduera eta gertakari ugarirengatik: Berdel Eguna; lapurretak, erasoak eta horiek sortzen dituzten bizikidetza-arazoak; eta babes-dikea handitzeko obrak aldi baterako etetea. Azken bi horiez hitz egin nahi dut.
Egunotan jakin dugu babes-dikea handitzeko obrak aldi baterako eten direla, baina horrek informazio gehigarri gehiago ematea eskatzen du. Espero dut hurrengo egunotan informazio hori guztien esku egotea. Edonola ere, folletoiaren beste kapitulu bat besterik ez da… Zenbait hedabidek aditzera eman dute Udaleko alderdiek (EH Bildu eta EAJ) aho batez onartu zutela obrei hasiera ematea. Egia. Herritar gehienek begi onez ikusi eta babestu zuten proiektu hura. 20 urte geroago, hasierako proiektuak porrot egin du aurreikuspen guzti-guztietan. Porrotaren erantzukizuna proiektua bultzatu zuten alderdiena da, eta ezin dute aho batez onartu zeneko argudioaren atzean ezkutatu. Herritarrek ez dute inolako erantzukizunik. Ez da autokritikarik edo zuzenketarik egin.
Azken asteetan izan diren lapurretek eta erasoek beldurra eta ikara eragin dute herritarrengan. Gure erakundeetako ordezkariek egin diren kudeaketak azaldu behar dituzte, herritarrei lasaitasuna eta konfiantza eman behar zaie, kaltetuei lagundu eta irtenbide iraunkorrak bilatu.
Bakoitzak dagokion lana egin behar du. Udalak —Gizarte Zerbitzuen, Udaltzaingoaren eta Alkatetzaren bidez— eta, hala badagokie, Ertzaintzak eta epaileek ere bai. Horretarako, beharrezkoak diren zerbitzuak indartu beharko dira.
Herritarrak libre gara gure protesta azaltzeko, betiere sen onez eta arauak errespetatuz.
Udalean nagusi diren bi alderdiek “delinkuentziaren aurkako” manifestazioa deitu dute, baina beraiek dira arazoak konpontzeko ardura dutenak. Herriak beldurra du eta ez daki nora jo. Nori eskatu behar dizkiogu erantzukizunak?
Herritarrei ezin zaie irtenbideen erantzukizuna besterendu. Nork berak bere gain hartu beharko ditu dagozkion erantzukizunak.
Ion Aldalur Arozena. Mutrikuko PSE-EE