Zer kuestionatu
Gustuko dudan arratsaldeetako irratsaioan kazetaria musika aditu batekin hitz egiten zegoen. Britainia Handian musika mota berritzailea egiten ari zen pertsona bati buruz ziharduten, eta pertsona horrek bere burua ez binariotzat zuela azaldu zuten. Hau publikoki adierazi zuenean sufrimendu handia eragin zizkion erantzunak jaso omen zituen. Bai kazetariak eta baita musikariak ere ez zuten ontzat ematen pertsona bat bera zena izateagatik diskriminatzea.
Horrek duela urte batzuk Mexikon egin nuen lana ekarri zidan burura. Gizon homosexualez osatutako talde baten aurrean, nire lankidea gogoratu nuen esanez: «Ez dut ulertzen zuen sexu orientazioagatik mespretxuak jaso izana. Ezinezkoa da inor gaizki tratatzea bere gustuetan oinarrituta. Niri kolore gorria gustatzen zait eta zuri berdea. Nik ez zaitut zu gaitzetsiko horregatik».
Duela ez hainbeste gure komunikabideen hizpide bakarrenetarikoa izan den covidaren ondorioz sortu diren ikuspuntu desberdinekin, ordea, ez ditugu jarrera diskriminatzaileak eta erasokorrak hain argi alboratu. Ezarritako Egiaren norabide desberdinean zihoan ezer esaten ausartu diren guztiak zuzenean izan dira negazionistak eta, hortaz, iritzi askatasuna sozialki ukatu zaie. Gizarte bezala baztertu ditugu. Hala eta guztiz, hein batean egin duten gauza bakarra euren buruarekin bat zetozen ideak edo, bestera esanda, gustuko zituzten ideiak aldarrikatzea baino ez da izan.
Berez, zutabe honetarako Bonbardaketa 4.0ri buruz hitz egin nahi nuen… Horrekin esan nahi nuen badaudela armaz egiten ez diren erasoak, baina adorea zein bizitza mintzen dutenak; era apalean baina etengabean gure izana, gure gustuak eta gure iritziak aniztasun eta aberastasunetik urrundu eta gauzak ulertzeko aukera bakar batetara moldatzen dituztenak. Telebistaren eta beste komunikabide batzuen bidez jasotzen ditugun mezuez ari naiz, argiak eta zuzenak izan daitezkeenak (adibidez: Sailburuak ardura soziala gomendatzen du) edo ttanttaka gure kontzientzian zirrikitu bat ireki dezaketenak (esaterako, futbol partida ikusten gauden bitartean goian, eskuin aldean herriak zenbat gas bilduta daukan adieraztea, Alemanian gertatzen ari den
bezala).
Tankera honetako bonbardaketak egongo ote dira garai batean goraipatzen genuen iritzi edo adierazpen askatasunaren eskubideari hain erraz uko egitearen atzean?