Zergatik?
Zapatua. 10 minutu falta eguerdiko 12etarako. Udaletxe azpian geunden, urduri eta itxaropentsu, lanak ondo eginda zeuden eta. Jendea hasia zen udaletxera sartzen. Batzuk ezin disimulatutako irrifarre zabalarekin… Halako batean, herritar baten telefono deiak asaldatu gintuen, lozorrotik atera gintuen, «Herrian bolo-bolo dabil, Berdeek PNVri emango diotela alkatetza». Besteek bazekiten, guk ez, ordea! Zeren beldur, zergatik tamaino horretako koldarkeria? Guk ez genuekan besteek zekitena jakiteko eskubiderik, itxura denez! Ba begira, bide desberdinetatik jakin dugu barikuan eman ziotela PNVri erabakiaren berri, diskrezioa eskatuz. Oraindik ez digute deitu, plenoan entzundakoarekin gaude, kaleko esamesekin… lehen indarra izan arren, bozkatuenak izan arren. Aurreko asteetan bi bilera izan genituen alderdi bakoitzarekin.
Mutrikuko PNV, laburbilduz, erasokor azken lau urtetako gure portaerarengatik… Ez zutela guztion arteko gobernurik nahi. Gu gabe gobernatuko zutela, Berdeen laguntza eskuratzen bazuten. Guk, ordea, egokiago zela elkarrekin aritzea, adostuz eta Batzordeak bananduz.
Berdeekin askoz ere sintonia egokiagoan jardun genuen. Lehen bileran, gure proposamen irekia agertu genien. Guztion artekoa, alegia. Bigarren bileran, eurek proposaturiko 12 puntuen onarpena adierazi genien, ahoz eta idatziz.
Horrekin batera, beste idatzi bat ere luzatu genuen. Bertan, elkarrekin jorratzeko beste 12 gai azaltzen ziren: Energia berriztagarriak, nekazaritza ekologikoa, baratza sozialak, lur publikoa eskuratzea, espekulaziorik gabeko hirigintza, AHT eta Zubietako erreuskailuen aurkako jarrera, herri galdeketak sistemitizatzea…
Erantzuna baikorra izan zen euren aldetik, eskertzen zutela gure ahalegina eta lana. Eta guk zabalik geundela euren ekarpeneei, eta hala gaude oraindik, erantzunaren zain. Zergatik zokoratu dute indar bozkatuena, orduan? Gure ustetan, hartu duten erabakiak ez dauka oinarrian ez programarik eta ezta helbururik ere! Areago, Euskal Herria zulatzen ari den AHTa bultzatzen dutenei, Zubietako errauskailua berriro martxan jarri nahi dutenei, Fracking-aren aurka egiten ez duteneei eman diete alkatetza. Zeintzuk eta Berdeek! Horrelakorik! Zergatik horren erabaki larria? Gure ustez, gure kontrako amorrua eta grina txarra gailendu da. Eta, agian, batzuen interes pertsonalak ere bai. Denborak erakutsiko du.
Eta guk? Muturreko ederra jasoagatik, aurrera egiteko erabakimen argia daukagu. Gaiak landu, informatu-kontrastatu eta gehiengo haundiaren interesak aurrera ateratzeko gogor ekingo diogu lanari, betiko moduan. Hori bai, bakoitzari herriak emandako babesa errespetatuz!
– Jon Naberan eta Ainhize Azpiazu. Mutrikuko EH Bilduren izenean.