Ziklo guztiak hasi eta amaitu egiten dira
Pasa den barikuan, 2022ko maiatzaren 6an, Lekeitioko EAJ- PNVtik 2023ko udal hauteskundeetara aurkeztuko dugun alkategaia aukeratzeko barne prozesua martxan jarri genuen.
2015ean Lekeitioko alkate bezala aukeratua izan nintzen, baina aurretik, 2011tik, zinegotzi lanetan ibili nintzen. Niretzat ohore bat izan da azken zazpiurte hauetan lekittarrak alkate bezala ordezkatzea, Lekeitio eta lekittarren alde lan egitea. Urte guzti hauetan zehar herritarren babesa eta maitasuna sentitu izan dut eta eskertzekoa da guztion aldetik jaso izan dudanlaguntza. Momentu gogorrak eta goxoak, nire bizitzako esperientzia aberasgarriena dudarik barik.
Beti pentsa izan dut, bizitzako edozein arlotan bezala, udalgintzako arduretan ere zikloak hasi eta amaitu egiten direla. Nire bizitza profesionalean ziklo ezberdinak egon dira eta azken hamabi urteak Lekeitioko Udalean pasatu ditut. Orain, zortzi urte eta gero, nire ziklo hau zarratzeko momentua heldu dela deritzot, Lekeitioko alkatea izateko zikloa.
Ez da izan erabaki erraza, baina unea heldu da. Nire lagun, alderdikide, alderdizale eta etxekoekin be partekatu dut eta asko hausnartu ondoren, eta nire pentsaerarekin koherentea izanik, barikuan Lekeitioko alkatetzarako hautagaia aukeratzeko zabaldutako barne prozesuari hasiera eman zion batzarrean alderdikideei erabakiaren berri eman nien.
Ziur nago barne prozesutik irtengo den hautagaiak garai berri bati hasiera emango diola eta Lekeitio eta lekittarrentzat ideia berritzaileekin etorriko dela. Beraz, datorren maiatzaren 20ko batzarrean, Alderdiaren eta, zelan ez, nire babes osoarekin, datorren urteko udal hauteskundeetarako EAJ-PNVren alkategaia aukeratuko da.
Asko dira orain martxan dauden proiektuak eta baita etorriko direnberriak ere. Proiektu guzti horiek lantalde batenak dira, Alderdiarenak. Ez dira pertsona bakar batenak, alkate batenak. Beraz, nire eskerrik beroenak ere azken 7 urte hauetan nirekin lanean ibili diren eta dabiltzan zinegotziei ere.
Nolanahi ere, asko egin da eta oraindik asko dago egiteko. Lanhorretan egongo naiz buru-belarri, nire onena ematen, legegintzaldi honetako azken egunera arte.
Mila esker eta kalean ikusiko dugu elkar.
– Koldo Goitia Markuerkiaga. Lekeitioko alkatea.