ZirkunstANTZiak
Ekintza eta erabaki orok ondorio jakin batzuetara eramaten gaituzte, gertakari edota egoera berrietara. Beti dago arrazoiren bat eta ez da kasualitate hutsa. Beraz, kausalitatearen eskutik, hazten eta garatzen goaz. Baina, zerk baldintzatzen gaitu erabaki bat edo beste hartzerako momentuan?
Hasteko, gure bizitza zirkunstantzia jakin batzuen inguruan eraikitzen da. Hauetako batzuei estuki lotuta gaude eta beste kasu batzuetan hauek aldatu edota hobetu daitezke. Jaiotzatik, adibidez, momentu historiko eta kultural bati itsatsita gaude, eta hori ezin dugu moldatu. Ez dugu aukeratu noiz jaio, nola, ezta non, beste hainbat aldagairen artean. Bestalde, gerora, gure bizilekua edota lanpostua aukeratu dezakegu adibidez, neurri batean. Egia da, ekonomikoki eta sozialki gutxien –edo gehien– garatuta dagoen herrialde batean jaiotzeak, ziurrenik, gure hezkuntza, ekonomia edota osasuna baldintzatuko lituzkeela, besteak beste. Egia esan, pertsona baten garapenean zirkunstantziek bere pisua eta lekua daukate.
Horregatik, zirkunstantziak lagungarriak edota kaltegarriak izan daitezke. Eta, zirkunstantzia horietatik abiatuta, gure bizitza eratzen goaz. Halaber, prozesu honetan, kontrolatu ezin ditugun gertaerak ematen dira. Aldiz, gertakari horien aurrean guk aurkezten dugun erantzuna kontrolatu dezakegu. Orduan, erantzun horren arabera, egoera eta ondorio berriak aurkeztuko zaizkigu, zirkunstantziak aldatuz edota hobetuz.
Horrenbestez, pertsona batek bere bizitza prozesuan eta erabaki ezberdinak hartzerako orduan izan beharreko hiru ezaugarri ezinbesteko azpimarratuko nituzke: jakituria, abilezia eta jarrera. Jakituria eta abilezia izatea, bizitzan jarduteko eta erabakiak hartzeko, garrantzitsua da. Ostera, horren gainetik, nahitaezkoa da jarrera egoki eta positiboa garatzea; hau da, egoera traumatiko edo zailak bizi ditzakegun arren, ezbeharretatik berreskuratzeko eta indarberrituta irteteko ahalmena izatea. Era berean, mina saihestu beharrean, prozesu baten ondoren onartzeko eta eraldatzeko gai izatea, horretatik ikasteko eta zirkunstantzia bortitzetara edo kaltegarrietara egokitzeko aukera izanik. Eta hortik abiatuta, erabakiak hartzea zirkunstantziak ahal diren neurrian aldatzeko eta hobetzeko. Hori dela eta, jarrera hau onartzen duen pertsonari pertsona erresiliente deritzogu.
Laburbilduz, argi dagoena da, pertsona bakoitzak bere zirkunstantzia propioak dituela. Batzuk lagungarriagoak eta beste batzuk kaltegarriagoak. Baina, ziur, guztiok –edo ia guztiok– saiatzen garela gure bizitzako zirkunstantziak ahalik eta hoberenak izaten gure ongizatea eta zoriontasuna bilatzerako bidean. Ibilbide honetan, gertakari batzuk ezin ditugu kontrolatu, baina bai gertaera horien aurrean gure jarrera eta erantzuna zein den. Guztiok. Orobat, aukeratzen diren erantzunen arabera, pertsona bakoitza bere bizitza eraikitzen joango da, zirkunstantzia jakin batzuetan. Dena dela, gure artean uste duguna baino antz gehiago daukagu. ZirkunstANTZiak barne.