Zoriontasun-eza
Bizitzak gorabehera asko izaten ditu. Ibilbidea luzea baldin bada, askoz gehiago. Kanpoaldetik, denok edo gehienok, antzeko umoreaz gabiltzala dirudi. Ez gara hainbeste desberdintzen. Gure familiak, lagunak, herriak, antzeko ohituretan oinarritzen dira, eta gure bizitzak ez dira oso desberdinak. Agirian egiten dugun bizitzak berriz, askotan, ez du zerikusirik bakoitzak barrutik bizi duenarekin. Horregatik ekintza gogor eta zorigaiztoko bat gertatzen denean, auzotarrak, askotan, harrituta azaltzen dira komunikabideen aurrean, egileak bizitza guztiz normala egiten zuela esatean.
Kasu hauek adierazten digute, besteak beste, agiriko bizitza eta barnekoa ez direla bat etortzen, eta sarritan, itxura baten azpian, penak golkoan gordetzen direla. Normalki, inori ez zaio gustatzen bere arazoak jende aurrean azaltzea. Esaerak dio: «Trapu zikinak etxean garbitzen direla». Hala eta guztiz ere, ez dira falta, etxeko, edo senideren baten zorigaiztoko gertaeren bat ezpainetan dabiltzanak, une oro. Baina gehiago izaten dira besteen arazoen esamesatan aritzen direnak.
Komunikabideek ere ez digute asko laguntzen baikorrak izateko. Mundu guztian gertatzen diren zorigaitzek betetzen dituzte lehenengo orrialdeak, eta telebistan lehenengo berrien artean azaltzen dira. Geure bizitzako arazo pertsonalei komunikabideetan agertzen direnak gehitu behar zaizkie, eta egoera honek ez digu laguntzen. Ahalegintzen gara bizitzari aurpegi baikorra jartzen, baina ez dugu beti lortzen. Horregatik, ez da harritzekoa aurpegi ilunak nahi baino sarriago ikustea. Ezkorrak izateko arrazoi asko ditugu, baina irabazi baino galtzeko gehiago izango dugu erabaki ezkorrak hartzen baditugu.
Bizitzako helburu nagusietako bat arazoak gainditzen ahalegintzea da. Haur, gazte, heldu eta zahar, azken batzen, denei bidea samurtzen saiatzen bagara ere, ez da ahaztu behar, saihetsezineko, ezinbesteko arazoekin aurkituko garela. Zahartzarora heldu direnek badute esperientzia, eskarmentua, zailtasunen aurrean askotan aurkitu izan direlako. Baina gazteek eta haurrek, batez ere, ez dute horrelako egoerarik ezagutu, eta, logikoki, gehiago kostatzen zaie arazoei aurre egitea.
Bizitza korapilatsua da denontzat, eta irteerak ez dira samurrak izaten. Horregatik, ez da harritzekoa hainbeste kezka, manifestazio eta protestekin aurkitzea gure kale eta komunikabideetan. Azken baten, zoriontasun-eza agerian geratzen da, behin eta berriz. Hala eta guztiz ere, bizitzaren alde baikorrek lehentasuna izan behar dute. Bide egokiena omen da alde ezkorrak gainditzeko.