Zu zeu zara?
“Zu zeu sentitzen zara? Garbiñe zara soineko horren barruan?” galdetzen zidan arropa saltzaileak aldagelatik jantzi berriren batekin irteten nintzen bakoitzean.
Betidanik egiteke nituen etxeko lanei ekin nien arratsalde horretan: nire estetika hobetzeari denbora eskaini, alegia. Alde batetik, galbana ematen zidan zerbait zen; bestetik, banekien egunerokotasunean neure burua ondo ikustea asebetetze puntu bat ere ematen zidala, lan bilera batetik altxatu eta ezker belaunean, esaterako, jantzita neukan gonaren arintasuna sentitzean edota norbaiten besarkada jaso eta aldi berean bizkarra estaltzen zidan oihal goxoaren xamurtasuna sentitzean.
Biak ala biak ni definitzen ninduten: baga, denbora erosketak ez diren beste egitasmo interesgarriago batzuek eskaintzeko gogoa eta biga, eguneroko mugimenduetan lakrikunkeria puntu hori izatea. Bi Garbiñe horiek kontraesanean zeudela pentsatu behar nuen? Nor zer horietatik bietatik benetako Garbiñe?
Urte batzuetako ikerketen ostean sinatuko nuke bi horiek eta beste bi mila ere egon zitezkeela, egoerak edota harremanak gonbidatutako erantzunaren arabera. Pertsonak eta nortasunak era itxi eta higiezin batean ulertu beharrean, hamaika aukeretako izaera erlazionala dugula ondorioztatzera heldu naiz.
Eta, hortaz, aldagelan itxaroten ninduten soineko guztiek ni neu sentiarazi nindukete… Zein edo zein bestelako Garbiñe bat izatera eramango nindukete… Bueltatuko naiz denda horretara.