Zugana heldu nahian
Zuzeneko harreman gutxien daukagun bizitzako momentu honetan ari gara informazio gehien jasotzen. Telebista, irratia, Netflix, Skype, Hangouts, Jitsi, WhatsApp, Telegram, Instagram, Facebook, Twitter, emaila… Mezu gaindosia. Egunero-egunero guzti horietatik datorrena irensten dut neuk ere, eta, era berean, inoizko informazio gehien ari naiz bidaltzen eta partekatzen. Itsaso bete informazio, marea goian, olatu handiak eta gu hortxe, erdi-erdian, igerian jakin barik.
Jasotzen ditugun mezu pertsonalak aparte utzita, sentsazioa daukat informazio orokorra bidali digutenean ez dutela asmatu hartzaile guztiengana iristen. Dudak sortu dira konfinamenduan nola jokatu, zertara kalera irten, gaixorik bagaude nora jo edo zer den premiazkoa. Ez naiz sartuko informazio orokor horren edukiarekin ados nagoen edo ez, premiazko lanak zeintzuk diren definitu dutenena premiazko lana den zalantzan jarriko genukeelako. Baina bai, bidali dituzten mezuak egoki heldu ote diren jendarteko pertsona guztietara. Horretan ezetzean nago. Mezu berarekin guztiengana iritsi ezinean ikusi ditut.
Itsasoan gertatzen denak gure errekan ere forma bera hartzen du sarri. Hau dut nire azken zutabea hemen. Kalean geratu izan naute «irakurri dut eh!» esanez, WhatsAppak jaso ditut «gaurkoan nire burua ikusi dut hor» komentatzen. Erantzuna jaso dut zenbait hilabetetan, feedback-a. Horiek guztiek erakutsi didate espero ez nuen jendeak irakurri duela nire idatzitxo hau. Horregatik moldatu gura izan ditut mezuak, eta, ondorioz, seguru, irakurle batzuk alde egingo zuten hemendik. Oso zaila egin zait esan nahi nuena irakurle guztientzat idaztea eta hor asmatu ezinik ibili naizelakoan nago. Ezin baita gauza bera era berdinean esan koadrillakoei, bertso eskolako ikasleei edo gure gurasoen lagunei. Egunotan hedabide handien moduan, idatzi bakarrarekin jende desberdinarengana ezin helduta ibili naiz. Hori dauka Hitzak bere alde: jende asko eta desberdinarengana iristen da.
Eskerrik asko behin edo behin irakurri nauzuen guztioi, bereziki, feedback hori eman didazuenoi. Zuri. Ostera ere kalean topatzea espero dut laster. Bitartean, zaindu zaitez. Osasunez eta askatasunez elkar gaitezen, aurrez aurre, nahi duzunero.