Zuhaitzen balioa
Zuhaitzez inguratuta bizi gara Euskal Herrian. Tropikoan beste ez, baina beste toki askotan baino zuhaitz gehiago ditugu gure inguruan. Zoritxarrez, munduan gero eta zuhaitz gutxiago ditugu.
Esaten dutenez, gaur egun ezagutzen ditugun basamortuak garai batean basoek, oihanek okupatzen zituzten. Eta daramagun martxan, panorama ez doa hobera. Alderantziz, basoen eremua gero eta txikiagoa da: urtero milaka hektareako zuhaiztiak erretzen dira nahita eragindako suteen ondorioz, eta oihanetan egiten ari diren ustiapenak ere hor daude. Kasu hauetan argi dago, batzuen mesedetan egiten direla, nahiz eta gizakiarentzako kaltegarri izan.
Garai bateko baserritarrek ondo zekiten zuhaitzen onurak zeintzuk ziren. Horregatik, baserriak arteen laguntza izaten zuten, haize boladetaz defendatzeko eta bere ezkurrak janari bezala erabiltzeko. Intxaurrondoak ere inguruan landatzen zituzten, beren fruituak estima handikoak izaten baitziren, negu aldian batez ere. Gabonetan, oso ohikoa zen Euskal Herriko eskualde askotan hain preziatua zen intxaursaltsa jatea. Gereziondo eta pikondoak ere ez ziren baserritik oso urruti egoten. Hurritzak ere nonnahi aurkitzen ziren. Oso estimatua zen beste zuhaitz bat gaztainondoa zen, negualdian batez ere. Gaur egun gaztainadi gutxi daude gure artean, ia bat ere ez; gaixotasun batek desagerrarazi egin zituen. Baina handik edo hemendik lortuta, gaztaina janak ez dira galdu. Pagoak eta haritzak ere hor daude. Horiek basoetan zeuden gehien bat, baina beren fruituei ere probetxua ateratzen zieten.
Toki askotan, udazkenean, txerriak ezkurdietara bidaltzen zituzten, haritzaren, artearen eta hauen familiakoak diren zuhaitzen fruitua jatera. Lehenbiziko egunetan, baserri bakoitzeko txerriei bere txabola zein zen irakatsi ondoren, han uzten zituzten uzta amaitu arte.
Zuhaitzen ustiapena ez da hor bukatzen. Izan ere, euren egurra eraikinak, ikatza, etxeko sua eta beste hainbat gauzetarako erabili izan da eta erabiltzen da. Dena dela, zuhaitzek askoz gehiago ematen dute. Eurek ematen digute hain beharrezkoa dugun oxigenoa, eta xurgatu egiten dituzte kaltegarri diren karbono oxidoa eta atmosferan dauden hauts eta beste partikula asko. Atmosfera garbitzeko lana egiten dute, baita hotza eta beroa baretu ere. Eta euri zaparradak egitean, zorua defendatzen dute, erosioa gutxituz. Hegaztien, txorien eta hainbat izaki bizidunen egoitza ere badira.
Hori guztia jakinda, ez da samurra ulertzea han eta hemen egiten diren mozketak eta inausketak. Baina badagoz beraiengandik oso urruti nahi dituztenak, ez herri barruan. Gaur egun ere, hirien eta herrien alde ederrenak zuhaitzen inguruak dira.