Zurrunbiloak
Nola aldatu ziren gauzak azken zutabea idatzi nuenetik argitaratu nuenera. Testua idatzi eta bidali nuenerako hasita zegoen COVID-19aren itzala gurean, baina oraindik tabernetan hartzen genituen garagardoak, lantokitik egiten genuen lan eta bileretan elkar ukitzen genuen. Argitaratu zen egunean, aldiz, alarma egoera iragarri zuten. Lanetik etxera bidali gintuzten asko , eta balizko konfinamendu bati aurre egiteko prestatzen hasi ginen. Asteazkenetik ostiralerako tartean nola galdu dezakeen gaurkotasuna zutabe batek, nola hautsi daitekeen egunerokoa, nola estutu bizitza. Nahasmen hartan, histeria kolektibo horren erdian itota geratu zen nire testua. Orain ordenagailu aurrean jarrita ezinezkoa iruditzen zait birusaz ez den beste ezertaz hitz egitea.
Gure miseriak eta pribilegioak inoiz baino ageriago atera zaizkigu ur azalera. Zein etxetan bizi garen, zein baliabide ekonomiko ditugun, zein lan egiten dugun, zein harreman dauzkagun, zein zaintza sarek eusten gaituzten. Birusak aberats eta pobreei berdin eragiten dietela diote han eta hemen, baina argi dago birusek ere zeharkatzen dituztela klasea, arraza eta generoa. Ez da erreza zurrunbiloaren barrutik burua altxa, distantzia hartu eta geratzen ari den guztiari begiratzea: langileak lanean babes neurririk gabe kapitalaren mesedetan, kaleratzeak, indar polizialak kalean, zelatariak eta zalatariak leihoetan, politikariak noraezean, Amazon irabazle, denda txikiak itxita, zaintza sareak nonahi, txaloak iluntzeetan…
Postkonfinamendu garaia imajinatzen ari dira politikoak, zientzialariak, erosketak egiteko ilaretan biltzen direnak. Noizbait atera beharko gara etxeetatik, baina, nola? Noiz? Zertarako? Birusak askatasunak kendu dizkigu (edo birusaren aitzakian kendu dizkigute), eta horiek errekuperatzeko bidea luze bezain malkartsua izango da. Eztanda egin du sistemak, eta badirudi orain desiratzen gaudela estandaren aurreko minutuetako mundu hartara bueltatzeko.
Ito egiten naiz burua altxa eta zurrunbiloari kanpotik begira, baina zurrunbiloko nire lekutik burua alde batera eta bestera mugituta gauza polit asko ere ikusten ditut: zaintza sareak, jostunak maskarak egiten, lagunen mezuak, Skype bidezko bertso eskolak, bilera birtualetako irribarreak, herrietan sortutako telebista eta irrati alternatiboak. Krisian jaio, hazi eta hezi garen belaunaldia da gurea, berrasmatzen badakigu, apurtzen eta eraikitzen. Inguruan eta txikitik mugitzen hasi gara, eta zurrunbilo txiki askorekin lortuko dugu handian ez itotzea, eta, agian, baita hura lehertzea ere.