Zutabegilearen agurra
Irakurle estimagarria,
Gaurkoa zurekin batera epe batez ibiliko dudan bidearen lehen pausoa da; abian jarri nauen hitzezko lehen zirkin urduria. HITZAk hala eskainita, egitasmo berri honetan estreinatuko naiz. Zer eta zutabegile lanetan! Aurreko astean jaso nuen orri honetan kolaboratzeko gonbitea, eta ezin izan nuen ezetz esan. Gauzak horrela, berehala igorri zidaten beharrezko informazioa, hala karaktere kopurua nola egutegia zehaztuz.
Lehen bistadizoan arreta piztu zidan eranskinean zetorren izenburuak. Honela jartzen zuen: «zutabegilearen egutegia». Hitzek ere ondoeza eragin dezaketela gogoratu nuen, eta neure burua mailua eta zizelarekin eskuetan imajinatu nuen —tiriki tauki-tauki mailuaren hotsa— arkitektura-euskarriari forma ematen; hotsez eta hautsez zutabea eraikitzen.
Zeregin berriari modurik egokienean ekiteko asmoz, objektuaren definizio argigarri bat lortzeko peskizan aritu nintzen, eta zera aurkitu nuen: «Zutabea edo koloma, arkitekturari dagokionez, atal arkitektoniko bertikal bat da, forma luzangakoa, orokorrean, egituraren pisua eusteko balio duena, modu apaingarrian ere erabil daitekeen arren. Bere sekzioa biribila izan ohi da, eta karratua denean, pilare edo pilastra esaten zaio. Normalean, zutabea hiru zatiz osatua dago: harroina, fustea eta kapitela».
Gaurko idatzia, beraz, HITZAren arkitektura eusten eta, ahal bada, sendotzen lagunduko duen zutabea eraikitzeko saiakera da. Zalantzek berehala inbaditu naute: Zer material erabiliko dut? Zer forma emango diot? Zutabea librea izango da ala hormara itsatsita egongo da? Eskuartean duzun hau harroina besterik ez da, lurrera finkatua eta hurbileko materialak baliatuz eraikia. Besterik da, jakina, «fusterik» izango ote dudan. Hori bideak erakutsiko du. Zuk epaituko nauzu, irakurle gisa erabakiko duzulako sekzioa biribiltzeko gai izan naizen ala ez; goi-asmoak sendo eutsi ditudan ala sortutakoa apaingarri soil bat besterik ez den. Esan bezala, bideak erakutsiko du.
Bukatze aldera, ez dut ahaztu nahi badirela beste hainbat zutabegile orri hauetan beren trebezia erakusten dabiltzanak. Horiekin batera, auzolanean, jardungo dut; baina benetako auzolanean, HITZAren zutabe ezinbesteko bat delako eta, horrekin batera, herrigintzarena ere bai.
Beste barik, hurrengo zutabera arte.
Oharra: Auzolan honek ez du zerikusirik batzuek behin eta berriz errepikatzen duten «bien común» delakoarekin.