Andoni Larizen familiak jakinarazi duenez, preso politiko bolibartarra kartzelaz aldatu dute Fleurytik Bois D’Arcyra (Frantzia). Dena den, familiaren arabera, «posible da Bois D’Arcytik be beste nonora aldatzea gerora».
Ziortza-Bolibarko presoaren abokatuak emondako informazioa baino ez du familiak; ezer gutxi. Izan be, familiak bisita baimenak bideratu dituen arren, oraindik ez dute Lariz ikusteko aukerarik izan. Azaldu dutenez, «seguraski, datorren asteburuan izango du abokatu baten bisita, baina gu oraindik baimenaren zain gaude».
Bestalde, hainbat lagun batu ziren domekan Larizen atxiloketaren harira Ziortza-Bolibarren egindako elkarretaratzean. Hain zuzen be, 130 bat lagun bildu ziren atxiloketa salatzeko, Konponbide garaia da, atxiloketarik ez. Andoni Askatu zioen pankarta eskuetan helduta.
Halaber, Ziortza-Bolibarko Udalak bere aldetik, Andoni Larizen familiari elkartasuna adierazteko eta lagungarri izan dakizkieken bitartekoak eskaintzeko konpromisoa hartu du, Bilduk aurkeztutako mozioa aho batez onartuta.
Etxaburu isolamenduan
Bestalde, Etxeratek jakinarazi duenez, Frantziako Fleury espetxean dauden 24 euskal preso politikoak –horien artean, Aitzol Etxaburu ondarrutarra– isolamenduan daude, bi euskal preso politikok funtzionario batekin izandako eztabaidaren ondoren.
Urtarrilaren 7an, Jose Javier Oses bere ziegan zegoela funtzionario batek berarekin izandako jarrera txarra zela eta, funtzionarioari kexatu zitzaion. Momentu horretan, Aitor Elizaran Osesen ziegaren paretik pasa eta egoera ikusita, tentsio une hori lasaitzera joan zen.Horien artean liskarra sortuta, funtzionario gehiago joan ziren Oses eta Elizaran zeuden ziegara. Gertatutakoaren ondorioz, Oses eta Elizaran zigortu eta isolamenduan sartu zituzten. Hala, Fleuryn dauden gainontzeko preso politikoak be isolamenduan sartu ziren, euren kideekiko elkartasuna adierazteko.