Bozketan parte hartzen duten herritarrek, bada, bi sistema horietako baten alde egin beharko dute. Bozka emateko, aldiz, bi baldintza nagusi bete beharko dituzte herritarrek: azaroaren 30a aurretik 16 urte beteta edukitzea eta Mutrikun erroldatuta egotea.
Bozka emateko egunei dagokienez, 24tik 28ra udaletxean bozkatu ahal izango dute herritarrek, 10:00etatik 15:00etara. “Horretarako, idazkaritzara (lehenengo solairua) joan beharko dute herritarrek”, azaldu dute udal ordezkariek.
Botoa emateko paperak.
Baina azaroaren 27an, eguena, arratsaldean ere bozka eman ahalko da, 16:00etatik 18:00etara, idazkaritzan.
Bestalde, urritasun fisiko batengatik etxetik mugitu ezin dutenek ere bozka emateko aukera edukiko dutela aurreratu dute. “Egoera horretan daudenek, udaletxera deitu beharko dute eta bozka eman nahi duen herritarraren datuak eman beharko dituzte (izena, bi abizenak, helbidea eta kontakturako telefono zenbakia). Aukera hori erabiltzeko, eguaztena biano lehen egin beharko dute eskaera (15:00ak orduko)”.
Azaroaren 30a izango da herri galdeketaren azken eguna. Egun horretan, Zabielen eman ahalko dute bozka herritarrek. Hautestontziak 09:00etatik 20:00etara egongo dira zabalik. “Abizenaren arabera, lau mahaitan banatuta egongo da gunea, eta mahai bakoitzean, Hondakin Batzordea osatu duten alderi eta elkarteetako ordezkariak egongo dira”. Mahai bakoitzean, baita, zinegotzi bat egongo da lehendakari moduan bai eta eginkizun horretarako izena eman duten herritar bolondresak ere (begirale modura).