Ibon Iparragirre moduluz aldatu dute, beste preso baten jipoia jasan eta gero
Martitzenean beste preso sozial batek jipoia eman ostean, Ibon Iparragirre Burgoa preso politiko ondarrutarra moduluz aldatzea erabaki dute; bosgarren modulutik seigarren modulura lekuz aldatu dute Iparragirre. “Moduluz aldaketzearen helburua jipoia eman zion presoagaz topo ez egitea da”, adierazi du Angelita Burgoa presoaren amak.
“Pentsa baino hobeto”. Iparragirreren osasun egoerari dagokionez, eguaztenean Alfontso Zenon abokatuak kartzelan bertan presoagaz egoteko aukera izan zuela jakitera eman dute Iparragirreren senideek. “Ordubete inguruko elkarrizketan nahikoa lasai eta argi aurkitu zuen. Pentsa baino hobeto”.
Erasoa jaso ostean, buruan urradurak eta golperen bat edo beste ditu Iparragirrek. Horrez gain, gorputzeko hainbat tokitan, ubeldurak dituela ere jakitera eman dute haren senideek. “Espero genuena baino, zauri gutxiago ditu. Horrenbestez, lasaigo gaude. Ez du ezer hautsita, hori da garrantzitsuena orain”.
Erasotzailea, identifikatuta. Ondarroako presoak ikusmen arazoak ditu eta nork eraso zion argi ikusi ez bazuen ere, kartzelako arduradunek erasotzailea identifikatu dutela adierazi dute haren senideek. “Erasoa gertatu zen unean, inguruan beste hainbat preso zeuden, eta gertakaria hurbiletik ikusi zuten. Orain, jasotakoaren inguruan hartu beharreko neurriak hartu beharko dira”.
Iparragirrek amagaz (Angelita Burgoa) berba egin du gaur [azaroak 27] eta oraindik minez dagoela esan dio. “Min gutxiago duela esan dit. Aurretik gehiago izan duela esan dit. Orain, hobeto eta lasaiago dago, eta horrek ere asko lasaitu gaitu. Gainera, moduluz aldatuta, jipoia eman zizkiotenak ez ditu ikusiko”.
Burgoaren berbetan, Iparragirreri martitzenean eraso egin ziona ez zen pertsona bakarra izan, baizik eta bi; Iparragirrek hori esan dio gaur [azaroak 27] egin dion deian. Batek buruan jo zion eta besteak lurrera bota ostean, gorputzean kolpeak ematen zioten, “behin eta berriz”. “Ingurukoak tartean sartuko ez balira, auskalo zer gertatuko litzatekeen. Eskerrak jendeak laguntza eman ziola”.
Erasoa jasan eta gero, Iparragirreri hainbat presoren argazkiak erakutsi zizkiotela kontatu du Burgoak eta bakarra identifikatzea lortu zuela adierazi du.