Mikel Etxaburu: "Gobernu espainolak mendeku parametroetan jarraitzen du"
Espainiako Auzitegi Nazionalean 04/08 sumarioko epaiketa hasi baino hiru ordu lehenago, Guardia Zibilak 35 auzipetuen hiru abokatu atxilotu ditu ostatu hartuta zeuden hotelean. 06:30ak-07:45 ziren. “Arin-arin egin dute guztia. Hotelean sartu eta hiru abokatuak eraman dituzte”, adierazi du Mikel Etxaburu ondarrutarrak. “Gerora joan gara informazio gehiago izaten”. Etxaburuk ez dio zentzurik aurkitzen gertatutakoari, ez eta atxiloketa egiteko erari. 10:00etan zeukaten auzi saioa, eta epaitegian bertan ahal zituzten atxilotu, behinik behin, euren abokatuak. “Epaitegira joan gara, eta bertan behera utzi dute epaiketa, ez daukagu-eta abokaturik. Ez dakigu hemendik aurrera zer gertatuko den. Den dena hankaz gora dago, eta zain egon beharko dugu ea zer erabakitzen duten epaileek”. Atxiloketa eta miaketen aurrean, Gobernu espainolak betiko formulak aplikatzen jarraiten duela dio Etxaburuk. Madrildik ezer espero barik, ezker abertzaleko kideek arreta guztia familiartean, lagunartean, beraien inguruan ipiniko dutela dio, euskal herritarren inguruan. “Operazioak baieztatzen du Madrildik ez dugula ezer jasoko; guk aurrera egiteko aukera bakarra Euskal Herrian dago. Hor ipini behar ditugu indar guztiak”.
Mobilizatzeko deia Atxiloketen harira, hainbat mobilizazio deitu dituzte. Mutrikun elkarretaratzea egin dute, 19:00etan, Goiko Plazan; Ondarroan, Sortuk deituta, elkarretaratzea egin da Aski da! Errepresioari stop lelopean, 19;30ean; Lekeition, manifestazioa egin da, 19:30ean, Eskolapean hasita, Atxilotuak askatu. Errepresioa ez da bidea lelopean. Ondarroan 300 lagun inguru batu dira eta Lekeition 200 inguru. Ondarroan, herritarrek hitzordua aurretiaz zuten jarrita, 04/08 sumarioan auzipetuta dagoen Mikel Etxaburu herritarraren epaikeraten lehen eguneko gorabeherak jakiteko. “Gaurko gertakarien aurrean, baina, hitzorduak bestelako kutsua hartu du”, adierazi dute herritarrek. Horrela ba, lehenik eta behin asanblada informatiboa egin dute eta ostean, atxilotuen askatasuna eskatzeko manifestazioa egin dute. “Mendekuz ordainarazten digute gure konpromiso politikoa”. Lekeition ere antzerako mezuak entzun ahal izan dira. “Errepresioa ez da bidea” eta “atxilotuak askatu” izan dira herritarrek gehien oihukatu dituzten esaldiak.‘Mate’ operazioa, zabalik Zabalik jarraitzen du ‘Mate’ operazioak Espainiaiko Barne Ministerioak jakinarazi duenez. Besteak beste, Bilbon eta Iruñean egin ditu atxiloketak Guardia Zibilak. Abokatuak dira atxilotu gehienak, eta Herrira-koak gainerakoak: Amaia Izko, Onintza Ostolaza, Aiert Larrarte, Eukene Jauregi, Nagore San Martin, Haizea Ziluaga, Arantxa Aparicio, Ainhoa Baglietto, Alfonso Zenon, Atxarte Salvador, Jaione Karrera, Kepa Manzisidor, Fran Balda, Javier Carbadillo, Jon Mintegiaga Minde eta Ane Ituño. 2012. eta 2013. urteen artean ogasunean 1,3 milioi ez aitortzea egotzita, Ogasun Publikoaren kontrako delitu bat eta dirua zuritzea leporatu diete. Espainiako Barne Ministerioaren arabera, Herrira-k EPPK-ko presoen abokatuei ordaindutako dirua da hori, eta plataforma horren diruzain izatea egotzita atxilotu ditutze lau lagun. “Abokatuen kolektiboa ekonomikoki sostengatzen zuen finantza egitura desegitea eragin du operazioak”, dio ministerioaren oharrak. “16 atxilotuei diru zuriketa egoztea, aitzakia bat baino ez da, Euskal Herrian dagoen antolaketaren kontra egiteko. Ezker abertzaleko eremuak kartzelatu eta bloketatu nahi dituzte, denbora guztian Madrilen nahi gaituzte, baina ez dute horrela ezer lortuko”, gehitu du Etxaburuk.