Dotore jantzi dira gaur, markina-xemeindarrak, jaietako egun handirako. Karmen Eguna ospatu dute gaur [uztailak 16], eta eguraldiak ere eguzki ederragaz lagundu ditu.
Txistularien kalejiragaz esnatu dira, eta Xemein Abesbatzak abestutako meza eduki dute Karmengo elizan egunari hasiera emateko. Peñafloridaren Agur Maria, Madinaren Aita Gurea eta Ugartetxearen Karmengo Ama abestu ditu, bestak beste, Markina-Xemeingo abesbatzak.
Zerutxu dantza taldeak Goiko Portalean dantzatu duen Aurreskua.
Urtero bezala, herritar eta jaia ospatzera etorri diren lagunekin bete da Goiko Portala. Zerutxu dantza taldeak Aurreskua eta soka dantza eskaini ditu herriko agintarien aurrean. Juanjo Txurruka Markina-Xemeingo alkatea eta Aitor Odiaga, Iratxe Lasa, Isa Mandiola, Joseba Iraolagoitia, Ainara Gandiaga, Luis Mari Malaxetxebarria, Alexander Aretxabaleta eta Sorkunde Maguregi zinegotziak batu dira udaletxearen atarian Aurreskua ikusteko.
Gonbidatu berezia ere, egon da gaur, udaletxe aurrean, jatorri markina-xemeindarrak dituen Rafael Anchia estatubatuar politikaria. Gaur egun Anchia Alderdi Demokrataren parlamentaria da Texasko legebiltzarrean, Nazioarteko Merkataritza eta Kanpo Harremanetarako Batzordeburua eta Hillary Clintonen taldekidea lehendakaritarako hauteskunde-kanpainan.
Markina-Xemeingo alkatea eta zinegotziak eta Rafael Anchia estatubatuar politikaria udaletxearen atarian Aurreskua ikusten.
Rafael Anchiaren aita, Julio Anchia, pilotaria izan zen eta AEBra joan zen jokatzera. Rafael Anchia bera ere puntista izandakoa da, Munduko Pilota Amateur Txapelketetan aritutakoa.
Kontzertua, Arkupean
Herrian zehar kalejira eginda ailegatu da Arkupera Debako Musika Banda. Errepertorio anitza eskaini dute Fernando Urain zuzendariaren gidaritzapean. Arkupeko jarleku bat bere ere ez da hutsik gelditu, eta asko izan dira zutik ere kontzertua jarraitu duten entzuleak. Publikoak txalo zaparradagaz eskertu du Debako bandaren lana.
Debako Bandaren ostean, Markina-Xemeingo Musika Eskolako musikariek jarri diote doinua alde zaharrari eta Zelai inguruari.
Bertsoak eta herri kirolak
Ekitaldi ezberdinak ikusteko aukera egon da arratsaldean. Alde batetik, herri kirol erakustaldia egon da Zelaian. Sokatira, harri-jasotzea, aizkora, ingude altxatzea, lasto botatzea, eta txinga eroatea egon dira ikusgai lehen mailako kirolarien eskutik.
Herri kirolak Zelaian.
Bestalde, herriko arraindegi aurrea agertoki bihurtu, eta umorez betetako ikuskizuna eskaini du Ganso klown-ak bertan, ezusteko eta guzti.
Urtero modura, Uhagon kulturguneko berdegunea bertsozaleen topalekua izan da, aurten, Iratxe Ibarra, Sustrai Colina, Angel Mari Peñagarikano eta Mañukortagaz. Gaiak jartzen aritu da Markina-Xemeingo Bertso Eskolako Alexander Idoeta.
Bikote dibertigarri eta xelebreak osatu dituzte Ibarra eta Colina ‘tiro-pitxoira’ opari bila joan den bikoteak eta Peñagarikano eta Mañukorta pisukideek.
[EGUNEZ EGUNEKO INFORMAZIO GUZTIA: MARKINA-XEMEINGO KARMEN JAIAK 2016]
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.