Miren Amuriza, garaile udagoieneko lehenengo kanporaketa saioan
Aissa Intxausti Aburruza lekeitiarra bosgarren geratu da, eta Mikel Retolaza Etxebarria busturiarra, seigarren. Asteburuan bi kanporaketa jokatuko dira, Sestaon eta IgorrenBizkaiko Bertsolari Txapelketaren Udagoieneko Faseko lehenengo kanporaketa saioa...
Aissa Intxausti Aburruza lekeitiarra bosgarren geratu da, eta Mikel Retolaza Etxebarria busturiarra, seigarren. Asteburuan bi kanporaketa jokatuko dira, Sestaon eta Igorren
Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren Udagoieneko Faseko lehenengo kanporaketa saioa jokatu zen zapatuan, Mungiako Olalde aretoan. Eta horretan Miren Amuriza Plaza Berrizko bertsolaria izan zen nagusi. Txapelketa irabazita, Amurizak finalaurrekoetarako txartela lortu du. Aissa Intxausti Aburruza lekeitiarra eta Mikel Retolaza Etxebarria busturiarra bosgarren eta seigarren geratu ziren, hurrenez hurren.Amurizak 531 puntu lortuta irabazi zuen saioa. Atzetik geratu ziren Aitor Bizkarra Ruiz (474,4), Imanol Uria Albizuri (446), Garikoitz Sarriugarte Onaindia (440), Intxausti (422,5) eta Retolaza (414,5).
Ariketak
Zortziko txikian kenduta, gainerako ariketetan Amurizak lortu zituen puntu gehien. Aipatzekoak dira, baita ere, Intxaustik puntu erantzunetan eta Retolazak hamarreko txikian lortutako puntuazioak: 71,5 eta 109,5. Ariketa horietan, bertsolari lekeitiarra eta busturiarra bigarren onenak izan ziren.
Bizkaiko Bertsozale Elkarteko ordezkariek jakitera eman dutenez, lehenengo kanporaketa saioak 260 bertsozale bildu zituen.
Hurrengo saioak
Gai emailea Amaia Ugalde Begoña izan zen, eta epaimahaia ondokoek osatu zuten: Ander Txakartegi Basterretxeak, Alaitz Etxanobe Bereziartuak, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxak, Jon Jaio Aiartzaguenak, Leire Etxebarria Gazteluk eta Miriam Juaristi Urizarrek.
Txapelketak aurrera jarraituko du asteburuan, eta bi kanporaketa saio jokatu dira: Sestaon (zapatua) eta Igorren (domeka). Saioak 17:30ean hasiko dira, eta bietan Busturialdeko bertsolariak egongo dira.
Asier Galarza muxikarra Sestaon ariko da. Eta aurkariak ondokoak izango ditu: Arrate Illaro Etxebarria, Eneko Abasolo Txabarri Abarkas, Inazio Vidal Gurrutxaga, Josu Landeta Egurrola eta Peru Vidal Gurrutxaga.
Julen Erezuma bertsolari gernikarrak, ostera, Igorren kantatuko du, ondoko bertsolariekin batera: Arkaitz Zipitria Mendizabal, Beñat Ugartetxea Ostolaza, Iñaki Iturriotz Zuluaga, Malen Amenabar Larrañaga eta Paule Ixiar Loizaga Legarra.