David Gonzalez eta Alexis Rodriguez Etxebarrian zegoen Talleres Mecanicos Arakistain (TMA) enpresako behargin ohiak epaitu dituzte gaur goizean [azaroak 29] Bilbon. Jakitera eman dutenez, euren senideek ez dute epaitegian sartzeko aukerarik eduki, “lekurik ez dagoenaren aitzakian”.
09:45ean hasi eta ia 15:00ak iraun du, Alexis Rodriguezen esanetan, epaiketa “luze bezain gogorra” izan denak. Rodriguezen ustez, argi geratu da epaiketan, gertatutakoa lan gatazka bat izan zela. “82 familia kalean ez uztea, zor zizkiguten lau nomina eta erdiak ordaintzea eta akorduak betetzea eskatu genion. Ez zen egon istilurik ez eta apurketarik ere”, azaldu du.
Gaur goizean Bilboko epaitegiaren aurrean egin duten elkarretaratzea. Argazkia: LAB
2013 urte bukaeran,
8 hileko greba baten ondoren, Etxebarriako Talleres Mecanicos Arakistain (TMA) enpresa itxi eta langileak kalean geratu ziren zegozkien soldatak kobratu barik. Enpleguaren defentsan eta euren soldatak jasotzeko egindako greba eta borrokaldiaren ondoren, enpresariak hainbat langileren kontrako salaketak jarri zituen. Gaur epaitu dituzten bi langile ohirentzat 5 urte eta 6 hileko kartzela zigorra eta 9.000 euroko kalte-ordaina eskatu ditu enpresariak, eta fiskalak 2 urte eta 3 hileko kartzela bakoitzarentzat.
Epaiketa eginda,
ebazpenaren zain geratu dira, orain, TMAko behargin ohi biak. Epaiaren arabera ikusiko dutela zelan erantzun aitatu dute. “Hainbeste denboran txarto pasarazi diguten arren, jaso ditugun elkartasun adierazpenei esker, geratzen denari ere eutsiko diogu”, esan du Alexis Rodriguezek. Gainera, Markina-Xemeingo manifestazioan eta gaur bertan epaitegi aurrean egin duten elkarretaratzean parte hartu dutenei eskerrak eman nahi izan dizkie. “Euretako asko, TMAko behargin ohiak izan dira”, nabarmendu du.
Elkarretaratzea. Behargin ohiei elkartasuna adierazteko, elkarretaratze bat egin du LABek epaitegiaren atarian,
Alexis eta David libre. Langile borrokaren kriminalizaziorik ez leloagaz. Epaiketagaz “askatasun sindikala murrizteko beste urrats bat” eman nahi dutela salatu du elkarretaratzean egon den LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek. “Epaiketa honekin ekintza sindikala, langileok gure eskubideak defendatzeko eskubidea, zigortu egin nahi dute”.
David Gonzalez eta Alexis Rodriguez, Ainhoa Etxaidegaz batera, gaur goizean. Argazkia: LAB
Etxaidek gogoratu du Alexis Rodriguez eta David Gonzalez
langileen eskubideak defendatzeagatik epaitu dituztela: “Epaituko duten gauza bakarra da langile batzuk euren lanpostuak defendatzeko eduki zuten aukeraren aurrean urrats bat eman izana. Ez zuten beste ezer egin, baina hori guztia egin zuten. Lanpostuak suntsitzen ari ziren momentu batean, enpresariei aukera eman zitzaienean, inolako mugarik gabe, inolako kosturik gabe, lanpostuak eta enplegua suntsitzea krisia baliatuz, hainbat eta hainbat langilek urrats bat egin zuten aurrera, hainbat eta hainbat langilek beraien lanpostua eta Euskal Herrian lan egiteko eskubidea defendatu zuten. Hori da gaur epaitegi honetan egoteko arrazoia”.
Botere publikoari, “behingoz”, langileen alde, herritarren alde eta eskubide sozialen alde jartzeko eskaria egin dio Etxaidek; hau da,
absoluzioa eskatu dio. “Horrek esan nahiko luke badagoela botere publiko bat enpresariei mugak dituztela esaten diena, eta langileak eta herritarrak babestu behar direla aitortzen eta onartzen duena”, erantsi du.