Nerea Ibarzabal Salegi markina-xemeindarra eta
Xabat Galletebeitia Abaroa lekeitiarra Miribillan egongo dira abenduaren 17an. Larrabetzuko azken saioaren ostean, erabakita geratu dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketako zortzi finalistak, eta euren saioetan lortutako puntuek eraman dituzte Miribillako Oholtzara Lea-Artibaiko bertsolari biak. Beñat Ugartetxea, Etxahun Lekue, Jone Uria, Ibon Ajuriagojeaskoa, Miren Amuriza, eta Onintza Enbeita bertsolariak izango dituzte ondoan, finalean.
Nerea Ibarzabal Salegi Markina-Xemeinen jokatu zen finalaurrekoan kantuan.
Markina-Xemeinen jokatu zen finalaurrekoko lehen saioan kantatu zuen Nerea Ibarzabal Salegik, eta bigarren postuan geratu zen 482 puntugaz. Xabat Galletebeitia Abaroak, berriz, hirugarren egin zuen Basaurin jokatu zen bigarren finalaurrekoan, eta 495 puntu eskuratu zituen. Puntu horiekin aurrera egiteko aukera eduki dute Lea-Artibaiko bertsolari biek.
ZORTZI FINALISTAK:
- Etxahun Lekue Etxebarria (Larrabetzu) 527,5 puntugaz zuzeneko pasea lortu du Larrabetzuko azken finalaurrekoan.
- Jone Uria Albizuri (Getxo) 514,5 puntugaz zuzeneko pasea lortu zuen Markina-Xemeingo lehen finalaurrekoan.
- Beñat Ugartetxea Ostolaza (Mallabia) 508 puntugaz zuzeneko pasea lortu zuen Basauriko bigarren finalaurrekoan.
- Ibon Ajuriagojeaskoa Garmendia (Gernika-Lumo) 507,5 puntu.
- Miren Amuriza Plaza (Berriz) 504,5 puntu.
- Onintza Enbeita Maguregi (Muxika) 497 puntu.
- Xabat Galletebeitia Abaroa (Lekeitio) 495 puntu.
- Nerea Ibarzabal Salegi (Markina-Xemein) 482 puntu.
Finala abenduaren 17an jokatuko da, 17:00etan, Bilbao Arenan. Finaleko ateak 15:30ean zabalduko dira, eta sarrerak erosteko bide desberdinak daude. Alde batetik,
www.bertsosarrerak.eus webgunean eskura daitezke, eta beste alde batetik,
finaleko egunean bertan txarteldegian erosi ahal izango dira sarrerak. Txarteldegia 14:00etan zabalduko da. Bertsozale elkarteak jakitera eman duenez, egun hauetan, gainera, Durangoko Azokako Bertsozale Elkartearen mahaian ere eskuratu ahalko dira.