Gipuzkoako Herriarteko taldekako txapelketa hasiko dute mutrikuarrek
Barikuan [otsailak 17] daukate lehen hitzordua 22:30ean, Villabonako gaztetxean. Arnope taldetik, Iñigo Arrizabalagak, Manex Astigarragak eta Iñigo Zubiaurre Beitxik kantatuko dute, eta Amasa-Villabonako Am…ona taldetik, berriz, Oihana Iguaranek, Amaia Agirrek eta Ander Goikoetxeak.
Gipuzkoako herrietako bertso mugimendua bultzatu, indarberritu eta ikusarazteko asmoz, maiatzaren 27ra bitartean, jokoan egongo da, herriz herri, Gipuzkoako Herriarteko taldekako bertsolari txapelketa. Parte hartzaile guztien txapelketa izango dela jakitera eman dute, lehia baino gehiago gozamena izango du-eta ardatz. Guztiaren oinarria, auzolana izango da, gainera; Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak egingo du koordinazio orokorra, baina antolatzaileak Herriartekoan parte hartuko duten 267 antolatzaile, gai-jartzaile, epaile eta bertsolariak izango dira.
Guztira Gipuzkoako 38 taldek eman dute izena txapelketan, eta talde bakoitzak, gutxienez, sei partaide izango ditu: taldearen ordezkaria, gai-jartzailea, epailea eta hiru bertsolari.
Herriartekoak lau fase izango ditu:
- Lehen fasea: otsailaren 3an hasi zena eta martxoaren 12ra bitartean egingo dena. 38 taldeak 12 multzotan banatu dira, eta multzo bakoitzetik talde bakarra sailkatuko da hurrengo fasera.
- Bigarren fasea: martxoaren 23tik apirilaren 9ra. Aurreko fasetik sailkatu diren 12 taldeak lau multzotan banatuko dira, hirunaka. Multzo bakoitzetik bat sailkatuko da finalaurrekoetarako.
- Finalaurrekoak: maiatzaren 6an eta maiatzaren 13an izango dira. Lehenengoa Alegian, eta, bigarrena, berriz, Bergaran. Bakoitzean bi talde ariko dira lanean.
- Finala: maiatzaren 27an izango da, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan.
Arnope taldea. Mutrikuko bertsolariak Deba eta Mendaroko kideekin batera ari dira parte hartzen Arnope izeneko taldean. Lehenengo fase honetan, Arnopek Amasa-Villabonako Am…ona taldearen eta Hernaniko Hernani2 taldearen kontra jokatuko du, multzo berean. Hiru talde horietatik bat pasatuko da bigarren fasera. Arnope taldean daude: Abel Irizar (ordezkaria); Unai Belaustegi (gai-jartzailea); Eñaut Lertxundi (epailea) eta Manex Astigarraga, Iñigo Arrizabalaga, Imanol Lekunberri, Antton Aizpurua, Xabi Astigarraga eta Iñigo Beitxi bertsolariak.
Herriartekoko lehenengo faseko bi saiotan hartuko du parte Arnopek, lehenengoa datorren barikukoa izango da, hurrengo hitzordua, berriz, etxean edukiko dute, martxoaren 4an, hain zuzen. Mutrikuko gaztetxean eskainiko dute saioa Arnope eta Hernani2 taldeek. 14:30ean bazkaria egongo dela ere aurreratu dute; bertso saioa, berriz, 17:00etan hasiko da. Arnope taldetik, Xabi Astigarragak, Imanol Lekunberrik eta Antton Aizpuruak kantatuko dute, eta Hernani2 taldearen izenean,Unai Agirre, Oier Iurramendi eta Iker Osa ariko dira. Saio bi horiez gain, martxoaren 10ean Hernani2 eta Am…ona taldeen artekoa jokatuko da Hernanin.