Ibon Iparragirreren aita zendu da, presoa bisita egiten ari zitzaiola
Etxerateko kideek doluminak eta elkartasuna helarazi diete senideei. Eta egoerak behartzen duen premiagaz, eragile eta instituzioei dagozkien ardurak hartzeko deia egin diete
Etxeraten irakurketa. “Gure dolumina eta elkartasun sentikorrena helarazi nahi diegu Iparragirre sendi guztiari eta, berriro ere, mendekuan oinarritzen den dispertsioa eta espetxe politikaren salbuespeneko neurriak behingoz amaitzea exijitzen dugu”, esan dute Etxerateko kideek. Horrez gain, larriki gaixorik dagoen preso ondarrutarra berriz Euskal Herritik ez urrutzea exijitu dute. “Ibon larriki gaixorik dagoen presoa da, HIESA du C-3 estadioan, eta horrek lesio neurologiko larriak sortu dizkio: konbultsioak, ikusmen arazoak eta memoria galera”.
Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten euskal preso politikoen egoera latza ere azpimarratu nahi izan du Etxeratek. “Erasoak, tratamendua ematen dietenean jasandako tratu iraingarriak, gaixotasunen larriagotzea… gizarteari egoera jasangaitz honen berri ematen ari gara behin eta berriro”. Eta egoerak behartzen duen premiagaz, eragile eta instituzioei dagozkien ardurak hartzeko deia egin diete.
Sortuk deituta, bihar [martxoak 4] manifestazioa egingo da, 13:00etan, Alamedatik hasita. Manifestazioa Ibon eta larriki gaixorik dauden presoak askatu! lelopean egingo dela jakitera eman dute. Herritarrei manifestazioan parte hartzeko deia egin diete.
Iparragirre espetxetik atera zuten momentua. Preso ondarrutarraren senideek HITZAri atzo jakin eragin ziotenez, Iparragirre herenegun [martxoak 1] atera zuten Alcala Mecoko espetxetik (Madrid, Espainia). Eta hasiera baten uste zuten egindako eskaria onartu ahal izan ziotela eta Euskal Herrira (Basauriko edo Zaballako espetxera) bidean egon zitekeela. Espetxe aldaketaren berri, hain zuzen ere, beste preso baten senideak eman zion atzo Iparragirreren familiari. “Herenegun beste preso baten senideak deitu zion amari, eta berak esan zion Ibon kartzelatik atera zutela”. OHARRA: argazki galeria ikusteko arazoak badituzu, sakatu hemen.