Lea-Artibaiko taldea Bertsolari Gazteen Sariketatik kanpo geratu da
Markina-Xemeinen jokatu da gaur [martxoak 21] 25. Bertsolari gazteen BBK sariketaren 4. kanporaketa, Lea-Artibai eta Uribe Butroe taldeen artean. Saioa Markina-Xemeingo kultur aretoan izan da, eta herriko ikastetxe bietako ikasleek bete dute aretoa.
Irabazlea Uribe Butroe taldea izan da, eta sariketa honetan, saioak sailkapen izaerakoak diranez, Lea-Artibai taldeak ez du aurrera jarraituko, eta Uribe Butroe, ostera, finalaurrekoetara pasatu da.
Gaurko saioko aurkezlea Maddi Ibaibarriaga izan da eta epaimahaian Jurgi Fuentes, Juanjo Respaldiza eta Miriam Juaristi aritu dira; idazkari lanetan Ione Narbaizak jardun du. Saioa giro ederrean joan da. Lea-Artibaiko taldeko 18 urte arteko hirukoa Garazi Nabarrok, Antxon Berziartuak eta Bittor Altubek osatu dute. 19-24 urte bitarteko taldean egin dute kantuan, bestalde, Nahia Ibarzabalek, Aitor Ruizek eta Aissa Intxaustik. Uribe Butroeren izenean, berriz, Txomin Aiarzak, Ainhoa Gorostiagak eta Iker Larizgoitiak egin dute bertsotan 18 urtetik beherako taldean, eta Jone Larrinagak, Peru Berasategik eta Malen Amenabarrek 19-24 urte bitarteko taldean. Lea-Artibaiko taldeak 359 puntu lortu ditu eta Uribe Butroek 394 puntu.Hurrengo saioa datorren barikuan [martxoak 24] izango da, Zallako Zine Antzokian.