Belaunaldiz belaunaldi egindako lana aitortuaz eta langile izan diren edo direnen lana goraipatuz jaso du Mutrikuko Yurrita Group kontserba enpresak aurtengo Berdel Aipamena; aurten 150 urte betetzen ditu enpresak. Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkatearen eskutik jaso dute saria enpresako zuzendaritza taldeko kideek. Baina sari preziatua hartzeko Yurrita enpresako zuzendaritza ez da bakarrik egon; udaletxeko aretoan egon dira baita ere urte askoan Yurritan lan egin dutenak eta gaur egun Yurritaren alor ezberdinetan lan egiten duten asko eta asko. “Eskerrik asko Yurrita osatzen dugun guztion izenean“, esan dute.
Ekitaldiaren hasieran, Lizardik Berdel Egunaren eta Berdel Aipamenaren inguruko azalpenak eman ditu. “Gaur egun, Berdel Egunak lekua hartu du herrian eta baita herritik kanpo ere. Eta Berdel Aipamenak herritik kanpo horrenbesteko oihartzuna ez badauka ere, herrian bertan garrantzia dauka. Azken finean, sari honek Mutrikuren alde lan egin duena/dutenak aitortzea du helburu. Eta askotariko arrazoiak tarteko, Yurrita Group izan da aurtengo sariduna”. Alkateak, gainera, argi utzi nahi izan du saria enpresako langile guztiena dela.
Lizardik Yurritako zuzendaritza taldekoei eman die hitza. Juan Yurrita izan da lehena zutik jartzen. Bere arbasoek egindako lana goraipatuaz batera, enpresaren ibilbidea errepasatu du han bildutakoen aurrean. Eta gaur egun Yurrita 120 langilek osatzen dutela azaldu du. Halaber, sare sozialetan bestelakorik zabaldu dela eta, Yurritan prekarietaterik ez dagoela esan du. “Gustatuko litzaidake argitzea gure langilegoaren soldatak Bizkaiko eta Espainia mailako hitzarmenen gainetik daudela. Yurritan ez dago prekarietaterik”.
Jorge Yurritak hartu du hitza ostean. Eta enpresako langile guztiak aipatu nahi izan ditu. Izan ere, 150 urte bete ahal izateko, arraunean bezala batera lan egin behar dela azpimarratu du. “Erreleboka korrika egiten den modura, nork bere zatia ondo egin behar du, eta lekukoa hartu behar duenari gauzak ondo eginda eman behar zaizkio. Eta belaunaldiz belaunaldi, horrela egin dugu”.
Delia Mansizidor Yurritaren antxoa ekoizpeneko langileak langile guztien izenean eskerrak eman ditu. Eta bere hitzekin amaitu da ekitaldia.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.