Floridako (Ameriketako Estatu Batuak) Dania Jai Alai pilotalekuan jokatutako txapelketetan jaun eta jabe izan da mutrikuarra. Eta laugarren Hiruko Koroa “erraz” irabazi duela esan dute.
Otsailean iragarri zuten Mendizabal denboraldi ona egiten ari zela, eta laugarrenez sari preziatua eskuratzeko aukera asko zituela.
Jai Alaik denboraldia itxi du, eta mutrikuarrak hiru txapelketak irabazi ditu: Garaipen Gehien (Most Wins), Bakarkako Txapelketa (Singles Championship) eta Bikotekako Aurrelari Onena.
Baina mutrikuarra ez da izan emaitza onak lortu dituen bakarra. Izan ere, Ortzi Goiri Txasio markina-xemeindarrak Atzelari Onenaren saria eskuratu du. “Txasio bere mailarik onenera ailegatu da denboraldi honetan, eta horregatik lortu du saria”. Bide beretik, azken hilabeteetan Aimar Aldazabal berriatuarrak ere bere jokorik onena erakutsi duela azpimarratu dute Jai Alaiko arduradunek.
Txasio (ezkerrean), Mendizabal eta Aldazabal (berdez). Argazkia: Jai Alai.
Dania Jai Alaik hiru denboraldi egiten ditu. Eta lehenengoa Taldekako Denboraldia izaten da; bigarren denboraldian puntistek bakarka lehiatzen dute. Eta hain justu bigarren denboraldi hori da orain amaitu dutena. “Taldekako Denboraldian Team Hollywood izan zen onena, baina bakarka Mendizabal izan da nagusi”.
Bigarren denboraldia amaitu ostean, Finaleko Denboraldia hasiko da laster.
Sailkapena:
- Garaipen Gehien:
- Erik Mendizabal: 134 kiniela
- Unai Lekerikabeaskoa ‘Leke’: 109
- David Iturbide (Noain): 96
- Iñaki Urbieta (Zumaia): 95
- Iñigo Gorostola ‘Arrieta’ (Durango) : 78
- Bakarkako Txapelketa
- Erik Mendizabal: 26 kiniela
- Aimar Aldazabal (Berriatua): 20
- Diego Beaskoetxea: 15
- Bikotekako Aurrelari Onena
- Erik Mendizabal: 30 kiniela
- Iñigo Gorostola Arrieta: 16
- Aimar Aldazabal: 14
- Atzelari Onenaren Saria:
- Ortzi Goiri Txasio (Markina-Xemein): 15
- Iñaki Urbieta eta Alberto Ochoa ‘Urtaran’: 13