2017ko Peru Abarka Album Lehiaketako saria eman barik geratuko da
Markina-Xemeingo Udalak jakitera eman duenez, udalak berak Ibaizabal argitaletxeagaz lankidetzan antolatzen duten Peru Abarka album ilustratuen lehiaketa desertu uztea erabaki du aurten epaimahaiak.
Azaldu dutenez, epaimahaiaren ustez, proposamen interesgarriak aurkeztu diren arren, zenbaitzuk gai eta ikuspegiz berritzaileak benetan, hizkuntzari eta kontakizunaren egituratzeari dagokionean, behar besteko zuzentasuna agertu ez dutelako. Beraz, ilustratzaileen lehiaketa bertan behera geratzen da.
Aurtengoa ez da Peru Abarka album lehiaketako saria emon barik geratzen den lehen urtea, 2012ko saria ere emon barik uztea erabaki zuen epaimahaiak. Lau lan aurkeztu ziren soilik, orduan. Aurten, berriz, 15 lan izan ditu esku artean epaimahaiak.
Bestalde, antolatzaileek jakitera eman dutenez, datorren urtetik aurrera Erein argitaletxeagaz elkarlanean aritzeko aukera aztertuko dute lehiaketa antolatzeko.