Garraitz irlaren historia berreskuratzen hasi dira Lekeition
[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Txistularien atzetik egin dute ibilbidea, eta komentua egon zen aztarnetan irakurri du akta Portuko Clemente Lopez eskribauaren papera egin duen Atabaka elkarteko Josu Erkiaga Atilak. Orain dela pare bat urtetik, Garraitz irla aztertzen ari da Atabaka elkartea, Aranzadiko Alfredo Morazaren laguntzagaz. Irlak interes historiko eta arkeologiko handia duela diote, eta historia hori herriratu nahi dutela azpimarratu du Guillermo Ruiz de Erentxun historialari eta Atabako kideak. Hori dela eta antolatu dute gaurko ekitaldia, irlarekin lotutako historia zati bat modu atsegingarrian zabaltzeko. Historiaren zabalpenagaz gain, ondareagaz lotutako ekintza zuzenagoak ere antolatzen ari dira, jendeak zuzenean parte hartu ahal izateko auzolanak, besteak beste. “Azken urteetan irla leku basati bat izan da, baina irla horrek 500 urtetan beste erabilera batzuk ere izan ditu, erlijioso, zibil zein militarrak, eta jakina, natura aldetik ere oso aberatsa da”, azaldu du Ruiz de Erentxunek.[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Bestalde, Irlako ondare historikoa ez dela bat ere ondo zainduta egon, kritikatu du Atabako kideak. “Eta merezi duen lekua dela uste dugu”. Hala, oraintsu hasi dira irla ikertzen eta deskubrimenduak egiten. “Irlan elementu erlijiosoak daude, serorak zaintzen zuten San Nicolas ermita, eta Frantziskotarren komentua; gaur bere sorrera ospatu duguna. Horrez gain, XVII. mendetik XIX. mendera arte gotorleku ezberdinak egon dira, oso ondo kontserbatzen direnak”, azaldu du Alfredo Morazak. Inon kontserbatzen ez den bolborina jarri du adibide modura, harrian landutakoa. Bestalde, irlan jendea lurperatu zutela aitatu dute. “Dokumentatuta dago epidemiak zeudenean jendea bertara eramaten zutela lurperatzeko, Bermeoko Izaron edo Donostiako Santa Claran egin zuten bezala”. Uda honetan ere, lanean jarraituko dute Atabaka elkartekoek eta Aranzadikoek. Lau egunetako auzolana prest daukate.