Euskaraz eta euskaragaz gozatzeko taldekako lehiaketa bat jokatuko da Lea-Artibai eskualdean azarotik abenduaren 2a bitartean.
8tik 16 urtera bitarteko gaztetxoek parte hartu dezakete
Euskerean Eupadea! ekimen berrian.
Euskara sustatzea da ekimenaren helburu nagusia. Lea-Artibai eskualde euskalduna bada ere, eta egunerokotasunean gehien erabiltzen den hizkuntza euskara bada ere, inguruko gaztetxoen artean badago erdaraz egiteko joera. Hori dela eta, euskara hauspotzen jarraitu beharra ikusten dute ekimenaren sortzaileek, Herribixi kooperatibako kideek. Eurek izango dira lehiaketaren antolatzaile eta koordinatzaileak, eta Lea Ibarrako Udal Mankomunazgoaren eta Lea-Artibai Amankomunazgoaren laguntza izango dute. Herriz herri, gainera, informazioa zabaltzen ari dira udal zein ikastetxeetan.
Mikel Ansotegi Lea Ibarra Mankomunitateko lehendakaria, Nerea Gartzia Herribixi Kooperatibako kidea, Rakel Elu Lea-Artibai Amankomunazgoko lehendakaria eta Eneko Arrate Herribixi kooperatibako kidea.
Ikuskizun itxurako lehiaketa izango da, eta garrantzia berezia emango diote
sorkuntzari. Horrela, kanporaketaz kanporaketa proba ezberdinak gainditu beharko dituzte parte hartzaileek. “Lea-Artibairi buruzko galdera erantzunen atal bat egongo da esate baterako, kultura, geografia edo euskalkiei lotutako galderekin”, aurreratu dute. Hala ere, galderak errazak izango direla azaldu dute. “Ez goaz jendearen jakintasuna neurtzera, ondo pasatzea dugu helburu, eta herrietako ezagutzak ere bultzatu nahi ditugu: pertsonaiak, jaietako protagonistak, zenbat kilometro dauden herri batetik bestera, herrietako idazle edo antzezleak…”. Esketxak, karaokea, bertsoak, antzezpenak, dena nahastuko dute. “Sormen munduagaz lotutako probak izango dira, gaztetxoak, beraz, ikusle soil izan beharrean, parte hartzaile eta protagonista izango dira oraingoan”.
Bestalde, Lea-artibaiko gaztetxoak euren artean harremantzeko bidea ere izango da lehiaketa. “Gaztetxoak harremantzeko bide batzuk badaude zabalik, ikastetxeetatik eginten dituzten olimpiadak esate baterako, baina kulturgintzatik ez dago horrelakorik”.
Lehiaketa. Adin tarte bitan banatuta egongo da lehiaketa 8-11 urte eta 12-16, eta lau, bost edo sei laguneko taldeak osatu behar dira. “Tarte horien barruan nahi bezalako taldeak osatu daitezke; hau da, adin zein herri desberdinetako partaideek osatu dezakete taldea”. Parte hartu nahi dutenek, taldeak osatu eta
Herribixiren webgunean eman behar dute izena.
Lehiaketaren finala,
abenduaren 2an, Euskararen Egunaren bezperan, izango da Markina-Xemeingo frontoian, baina aurretik kanporaketa batzuk egongo dira. Asteburu bitan, zapatu eta domeka egingo dituzte kanporaketak. Parte hartzaile kopurua zehaztu ondoren hasiko dira antolatzen.
Kanporaketa bakoitzaren amaieran emango dute ebazpena, horretarako eskualdeko kulturgintzako kideez osatutako epaimahai bat egongo da eta bertan momentuan erabakiko dute nortzuk egiten duten aurrera.
Sariak. Finalera sailkatzen diren
lau taldeek izango dute saria: lehenengo gelditzen den taldeak Lea-Artibaiko produktuekin betetako otzara bat, Antsotegin multiabenturako saio bat eta afari bat irabaziko ditu; bigarrenek Antsotegin multiabentura saio bat eta Lea-Artibaiko produktuekin betetako otzara irabaziko dute, eta hirugarren eta laugarren taldeetakoek otzarak jasoko dituzte. Horrez gain, parte hartzaile guztiek izango dute opariren bat. Saio bakoitzaren amaieran, gainera, publikoari ere zukua banatuko diote, jaia girotzeko.