Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoen bigarren itzuliko lehen saioa jokatu zen atzo [azaroak 19] Amurrioko Bañueta kiroldegian. Zozketak erabakitako hurrenkeran, Jon Maia, Nerea Ibarzabal, Jon Martin, Beñat Gaztelumendi, Etxahun Lekue eta Sustrai Colina bertsolariak aritu ziren Aintzane Irazustaren aginduetara.
Sustrai Colinak eskuratu zituen puntu gehien, 701. Gainerako bertsolariei dagokionez, 694,5 puntu lortu zituen Beñat Gaztelumendik; 681,5 Jon Maiak; 675,5 Nerea Ibarzabalek; 668,5 Jon Martinek; eta 615 Etxahun Lekuek.
Kartzelakoan lortu zituen puntu gehien Markina-Xemeingo bertsolariak,
149.50 hain zuzen. “Usaina sumatu eta urduri jarri zara” gaiagaz ondo moldatu zen. Bestalde, joan den itzulian ez bezala puntua emanda bakarka aritu beharrean, binaka aritu ziren bertsolariak, eta hor lortu zituen puntu gutxien (129.50). Beñat Gaztelumendigaz aritu zen Ibarzabal puntutan.
Amurrioko finalaurrekoa. Argazkia: Gari Garaialde / XDZ
Joseba Santxok, Mirari Azula lekeitiarrak, Eneko Bidegainek, Ekaitz Elorriagak, Eneritz Azkuek, Karlos Ibargurenek eta Nerea Bruñok
osatu zuten atzo, epaimahaia, eta idazkari lanetan Joxe Mari Altuna eta Esti Zengotitabengoa aritu ziren.
Hiru saiok osatuko dute atzo hasi zen bigarren itzulia, eta bertan
lortutako puntuazioa lehen itzulikoari batuko zaio. Batura horrek erabakiko du zeintzuk bertsolari egongo diren
abenduaren 17an jokatuko den final handian.
Lehen itzulian Maule-Lextarren lortutako 663 puntuak eta atzo Amurrion irabazitako 675,50 puntuak batuta,
1338,50 puntu eskuratu ditu finalaurrekoan guztira, Nerea Ibarzabalek.
Donibane Lohizune eta Iruñean izango dira hurrengo saioak datorren domekan [azaroaren 26] eta abenduaren 2an. Guztiak amaitutakoan jakingo dira finalistak.