Maitasun adierazpenez betetako omenaldia egin diote Amets Txurrukari
[Zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
[Amets Txurrukari egindako ELKARRIZKETA irakurri]
Kontzejupean. Joseba Artza Urta eta Amets Arzallus izan ziren Txurrukari egindako lehen Merezimendu Sariko bertsolariak, eta eurak izan dira agur ekitaldiari hasiera eman diotenak. Bideoen tartean Markina-Xemeingo Txirrindulari Elkarteko txirrindulari gazteek arkua egin diote gurpilekin eta oholtzara igo da Txurruka. Kirolari ez direnak ere nahi izan dute egun garrantzitsua Txurrukagaz partekatu. Hala, Gari musikaria igo da oholtzara eta bera azken diskoko kanta berri bat eskaini du. “Izan garenari eta garenari erreferentzia egiten dion kanta horietako bat da. Zu ere hor zaude, bizimodu berri baten hasieran eta horregatik aukeratu dut”. Bigarren kanta bat ere jo du aspaldiko partez: Aitormena. “Ez dira betiko garai onenak” letra ozen entzun da Kontzejupean. Chandal Recordseko kideak lehenengo, eta Amets Txurrukak, Mikel anaiak eta Josu Anitua Atotek ondoren, lagundu diote Gariri kantuan, bai eta Kontzejupea bete duen jendetzak ere. Esker ona erakutsi du Amets Txurrukak. “Eskerrik asko denei etortearren, ez naiz ni berba askokoa eta gauzak erraz adierazten dituena. Bakar bakarrik esan nahi dizuet munduan txirrindulari asko daudela oso onak, baina inork ez daukala horrelako zalerik ez horrelako lagunartekorik, eta omenaldi asko ikusi ditut, baina honelakorik ez dago inon. Ez da gaurkoa bakarrik, aurreko urteetan egin den dena; momentu onetan eta txarretan beti egon zarete nire ondoan, eskerrik asko”.[Zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
[Amets Txurrukari egindako ELKARRIZKETA irakurri]
8 urte izan aurretik hasi zen Txurruka Markina-Xemeingo Txirrindulari Elkartean eta beragaz egon nahi izan dute gaur. Bizikletan jarraitu dezan, maillota, kulotak eta txaleko hori bat oparitu dizkiote. “Jendeak bidegurutze asko egin ditu eta zuk ere besteentzako egiteko da txaleko hori”. Markina-Xemeingo Udalak ere oparia eman dio markina-xemeindar guztien izenean; Juanjo Txurruka alkatea eta Joseba Iraolagoitia zinegotzia igo dira oholtzara. Amets Txurruka Lagunartie izan da azkena oparia ematen. Denek sinatutako mailot horia oparitu diote “euren Tour-aren garaile denari”.[Zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
[Amets Txurrukari egindako ELKARRIZKETA irakurri]
Eta ekitaldi ofizialagaz amaitzeko, aurreskua dantzatu dio gaztetan beragaz lasterketetan ibilitako Iban Amiasek. “Heldu da etapa honen amaiera, baina lortu dudana baino gehiago lortzerik ez neukala uste dut. Ez kirolari begira batez ere, hori baino gehiago lortu dut: herri oso bat eta lagun pila bat hemen egotea. Momentu txarretan, aurrera egin behar denean hor egon zarete eta hori da gehien baloratzen dudana”. Ekitaldia amaituta, jaiak aurrera egin du Aterkings eta Chandal Recordsen kontzertuagaz.


















































































