Amets Txurruka Lagunartiek antolatuta, Amets Txurruka Ansola Etxebarriko txirrindulariaren kirol ibilbidea agurtzeko ekimena egongo da bihar [abenduak 9] Markina-Xemeinen. Errepideetan profesional modura egin dituen 11 urteen balorazio ona egiten du Txurrukak.
Momentu honetan zertan zabiltza?
Behar ofizialik ez, baina sofan jarrita egoteko denbora askorik ez daukat. Etxeko lanak egin eta umea zaindu, eta tartea daukadanean, bizikletan ere ibiltzen naiz. Irakaskuntzako zerrendetan ere banago, eta, tartean, txirrindularien jarraipen sistema berri bat asmatu dutenei laguntzen nabil. Sistema berri bat atera dute lasterketetan uneoro txirrindulari bakoitzak ze bihotz taupada dituen, ze potentziatan doan, munduan zehar zein lekutan dagoen… jakitera ematen duena, eta ondoren, informazio guzti hori Internet edo satelite bidez bidaltzen da telebistak edo edozein erabiltzaileek ikusi ahal izateko. Iaz lasterketa batzuk egin nituen, eta beste lasterketa batzuk egingo ditut orain, urte berriaren hasieran.
Txirrindularitzagaz kontaktuan jarraitzen duzu, beraz.
Guztiz lagatzea ere ez nuen nahi, baina urte guztia eurekin egitea ere proposatu didaten arren, berriz ere urte osoa etxetik kanpo ibiltzea ere ez nuen nahi. Hori dela eta, lasterketa batzuk egitea adostu dugu.
Maiatzean eman zenuen jakitera txirrindularitza profesionala uzten zenuela. Zer dela-eta hartu zenuen erabaki hori?
Faktore asko batu ziren. Gabon bueltatik gutxi gorabehera aurreikusita neukan, baina trankil hartu eta ondo pentsatu nahi nuen. Alde nituen gauzak eta kontra nituenak balantzan jarri, eta hartu nuen erabakia.
Sare sozialak aukeratu zenituen berria emateko.
Berria guztiei batera ematea zen asmoa. Horrela denek ikusten dute, eta nahi duenak galdetzeko aukera dauka. Komunikabide guztiak deituta ere seguruenik bateren bat ahaztu egin ahal zitzaidan, eta ez nuen hori gertatzerik nahi. Bat aukeratzerakoan zergatik hau edo zergatik bestea; bide horretatik denek dakite aldi berean.
2006an hasi zenuen ibilbide profesionala. Zeintzuk izan dira zuretzako momenturik onenak?
Momentu onak asko. Lehenengo urtea bera. Profesionaletara pasatu ahal izatea pozgarria izan zen. Berandu sinatu nuen, Gabonak bueltan edo, eta jadanik itxaropena ere galduta neukan. Sinatu eta profesionala izango nintzela jakitea, nahiz eta urte beterako sinatu, niretzako amets bat betetzea zen. Taldeagaz egin nituen lehenengo lasterketak ere onak izan ziren. Portugalen egin nuen lehenengo lasterketa, Algarven, eta pelotoian zuretzako idolo izan direnen artean egotea polita izan zen. Barloworld taldeko lehen urte osoa polita izan zen. Hegoafrikako taldea izanik, mundu guztiko jendea zegoen taldean, jende asko, hizkuntza asko eta asko ikasi nituen. Handik aurrera ere urte guztiek izan dute zer edo zer polita. Euskalteleko urteak ere oso politak izan ziren. Gainera, Euskaltelegaz egin nuen lehen Tourra ondo atera zitzaidan. Urte denek izan dituzte gauza on asko, eta, tartean, txarrak ere bai. Azken batean, sufrimendu momentuak ere egoten dira, erorketak, lesioak… Baina momentu onen bat urtero-urtero eduki dut, lehen urtetik azkenengora.
Jendea ezagutzeko aukera ere bai.
Lehenengo urtean mundu guztiko jende asko: hego afrikarrak, ingelesak, kolonbiarrak… Euskaltelen betirako lagunak egin nituen, baita Caja Ruralen eta Orican. Denetan egiten dituzu lagunak. Ez bakarrik txirrindulariak, bai eta masajista, tekniko edo zuzendariak ere. Telefono agendak ere ez dauka lekurik horrenbeste jenderentzat.
Lasterketa garrantzitsu askotan egon zara. Bateren bat gelditu zaizu egiteko?
Ia-ia denak egin ditut, baina bateren bat falta zait. Bastogne-Lieja bezalako Andeetako klasikak politak dira, eta gustuko ditudan arren, ezin izan ditut egin. Euskal Herriko Itzulia egiten nuen, eta antzerako sasoian izaten dira. Egutegia zabala da, eta denak egitea ezinezkoa da, baina nire gustukoenak egin ditudala uste dut, batez ere buelta handiak; Giroa, Tourra eta Espainiako Vuelta egin ditut.
Gustukoena zein?
Handiena Tourra da, txirrindularitzan garrantzi handiena duena, eta bere inguruan ere gehien mugitzen duena. Zelan bizi den eta ibilbidea kontuan hartuz gero, Giroa da polita niretzat. Espainiako Vueltak batzuetan Euskal Herria ukitzen du, denbora ona egoten da, etapa motzagoak dira, egiteko polita eta eroso samarra da. Astebeteko probetan Euskal Herriko Itzulia edo Suitzako Bira edo Normandia oso politak dira. Txirrindularitzari esker bost kontinentetan egon naiz. Ondo ezagutzeko ez, baina ikusi eta ideia bat egiteko aukera ematen du.
Zaletuen jarraipen handia izan duzu urte hauetan guztietan.
Bertoko lasterketetan batez ere jendea hurreko sentitzen nuen, bai eta kanpokoetan ere. Tourrera joan eta Alpeetan bertokoak ikusten nituen. Jendeak urrunera jarraitu dit, eta alde horretatik pribilegiatu sentitu naiz, eta horrek indarra ematen du.
Amets Txurruka Lagunartie elkarteko kideek ere ondoan eduki dituzu.
Lasterketa askotara jarraitu, eta, batez ere, urtero behar handia hartu eta beti zer edo zer muntatu dute: dueluak, jaialdiak… Alde horretatik ere eskerrak eman behar dizkiet.
Azken jaialdi bat prestatu dizute zapaturako.
Iazko azaroan zalantzan nengoen oraindik, eta jarraitu egin genuen, eta aurtengoa azkena izango da.
Bizikleta martxa bat ere prestatu dute. Parte hartzeko asmorik daukazu?
Asmoa denek parte hartzeko moduko ekimena egitea zen. Orain arte, ni beste baten kontra ibili naiz, baina oraingoan denek parte hartzeko moduko ekintza izatea nahi genuen, ume, zahar, nagusi, bizikletan asko edo gutxi dabilena etortzeko modukoa. Asmoa elkarregaz bueltatxo bat egitea da. Motza izango da, ordu eta erdi edo bi ordu asko jota.
Zuk txirrindu gainean jarraitzen duzu?
Badago jendea amaitu eta urte askoan ibili ere egiten ez dena. Niri gustatu egiten zait. Ez dut lehen bezala 4, 5 edo 6 orduko irteerarik egiten, baina, normalean, astean buelta txiki bat ematen dut.
Kirol profesionala utzi eta afizionatuen probak egiten hasten dira batzuk.
Nik kirola gustatzen zaidalako egiten dut, baina nire kasa, ezelako helburu barik. Mendira ere joaten naiz, korrika egiten dut, bai eta igeri ere, eta futbol partida bat egin behar bada ere, berdin. Kirola beti gustatu zait, eta zer edo zer beti egingo dut, baina ez ezer prestatzen ari naizelako. Bateren batek korrika ikusi eta ea triatloian hasi behar naizen galdetu dit. Ez daukat horrelako asmorik (barrez).
HONEKIN LOTUTA: Ekitaldi bereziagaz agurtuko dute Amets Txurrukaren kirol ibilbidea