Euskal errepresaliatuen eta euren senideen eskubideen errespetuaren aldeko ekimena da Lasterbidean. Eta 2018ko ekainaren 17an Ondarroan egingo da, Animatzen zaz aringeingan etxea? lelopean. Elkartasuna oinarri hartuta, Ondarroan 1.500 lagunek korrika egitea lortu nahi dute antolatzaileek.
“Kirolaren eremutik egindako eta kirolean oinarritutako elkartasun herri ekimena da gurea”, azaldu dute antolatzaileek. “Ehunka dira euren etxetik urrun bizi diren euskal herritarrak, eta ehunka dira baita ere euren gertukoekin minutu batzuk egoteko ehunka kilometro egiten dituzten senide eta lagunak”.
Halaber, euskal herritarren oinarrizko eskubideak errespetatzeko herritar guztien bultzada ezinbestekoa dela gaineratu dute. “Gure elkartasun urrats honen bidez ere egoera hori gainditzen lagundu nahi dugu. Lasterbideanetik izerdia botaz korri egiten jarraituko dugula ozen esan nahi dugu”. Bide horretatik, kirolaren bidez elkartasuna adierazi nahi duten euskal herritar guztiei ekainaren 17an Ondarroara joateko deia egin diete.
Datorren urtean seigarrenez egingo da Lasterbidean; aurreko ekimenak Oiartzunen (Gipuzkoa), Larrabetzun (Bizkaia), Berriozarren (Nafarroa), Araian (Araba) eta Oñatin (Gipuzkoa) egin dira. Lekuko aldaketa ere modu berezian irudikatu nahi izan dute antolatzaileek. Hala, Oñatiko korrikalariek Ondarroako arraunlariei eman diete lekukoa.
Oñatiarrek ondarrutarrei lekukoa eman dieten momentua.
Ekainaren 17an Ondarroako kaleetan korrika eginez herri oso baten borondatea irudikatuko dutela gaineratu dute. “Horrela, banatzen gaituen distantzia laburtuko dugu”.
Errepresaliatuek ere ekimenean parte hartuko dutela esan dute, “euren lagun eta senideei Ondarroara joateko gonbitea eginez edo euren eskulanak sari gisa emanez”. Aurkezpenean, gainera, larriki gaixorik dauden presoak eta bereziki Ibon Iparragirre preso ondarrutarra gogoan eduki nahi izan dute. “Berandu baino lehen, Ibon etxera!”
Egun osoko egitarua. Ekainaren 17rako egun osoko egitaraua prestatuko dutela azaldu dute: “Lasterketa laburra eta luzea, zozketak, sari banaketa, ekitaldia, kale animazioa, herri bazkaria… egongo dira”.
Ibon Iparragirreren etxeratzea eskatzeko tartea ere egin dute agerraldian.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.