Gaur hasiko da 26. Bertsolari Gazteen BBK Sariketa, Igorren
50 bertsolari inguruk parte hartuko dute lehiaketan. Markina-Xemeinen kanporaketa saio bat jokatuko dute, hilaren 6an. Finala martxoaren 22an daBeste urte batez, martxan dago Bertsolari Gazteen BBK Sariketa. Aurtengoa 26. sariketa izango da, eta lehene...
50 bertsolari inguruk parte hartuko dute lehiaketan. Markina-Xemeinen kanporaketa saio bat jokatuko dute, hilaren 6an. Finala martxoaren 22an da
Beste urte batez, martxan dago Bertsolari Gazteen BBK Sariketa. Aurtengoa 26. sariketa izango da, eta lehenengo kanporaketa gaur jokatuko da, Igorren. Finala, ostera, martxoaren 22an jokatuko da, Bilbon.Azken urteetan egin legez, sei bertsolarik osatutako zortzi taldek parte hartuko dute lehiaketan; 50 bertsolari inguru ariko dira kantuan. Ondoko eskualdeetako bertsolariek parte hartuko dute: Arratia, Busturialdea, Durangaldea, Enkarterri/Ezkerraldea, Hego Uribe, Lea-Artibai, Uribe Butroe eta Uribe Kosta.
Lau kanporaketa saio eta bi finalaurreko jokatuko dira; azken kanporaketa saioa Markina-Xemeinen jokatuko da, martxoaren 6an.
Lehiaketa atzo aurkeztu zuten Bilboko BBK Aretoan. Eta txapelketaren nondik norakoak azaldu zituzten Xabat Galletebeitia Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapeldunordeak, Ione Narbaiza Bizkaiko Bertsozale Elkarteko ordezkariak, Juanjo Respaldiza Bizkaiko Ikastolen Elkarteko bertsolaritza arduradunak eta Onintze Ituño BBKren ordezkariak.
Parte hartzaileak bi multzotan banatuta egongo dira: 18 urtera artekoak (A multzoa) eta 19 urtetik 25 urtera artekoak (B multzoa). «Kanporaketa saio bakoitzean multzo bakoitzeko gutxienez hiruna bertsolarik kantatuko dute».
Antolatzaileek talde lana baloratuko dela azpimarratu dute. «Bertsolari Gazteen BBK Sariketaren ezaugarri nagusienetako bat da taldeka jokatzen dela. Hau da, taldekideen lana talde moduan baloratzen da, eta saio bakoitzean puntu gehien batzen dituen taldeak egiten du aurrera».
Kanporaketa saioetan puntu gehien jasotzen duten taldeak finalaurrekoetarako sailkatuko dira, eta finalaurrekoetan puntu gehien jasotzen dutenak finalera joango dira.
Azken urteetan modura, saio gehienak ikastetxeetan egingo dira. «Saioak irekiak dira, eta nahi dutenek saioagaz gozatzeko aukera edukiko dute».
Sariei dagokienez, aurten ere talde osoarentzako saria egongo da. «Talde izaera indartu eta elkarren arteko harremanak indartu nahi dira. Ondorioz, sari nagusia ere taldeka egiteko egun osoko plan bat izango da».