Sorpresak ematen dituen horietakoa da Ainhoa Etxebarria aktore ondarrutarra. Oraingoan
zuzendari legez ariko da. Izan ere, berak idatzitako
Kale gorrian obra Bilboko Pabellon 6 arte eszenikoen guneak urtero egiten duen Antzerki Laburren Jardunaldirako aukeratu dute. Pozik dago Etxebarria, baina aldi berean zuzendari izatea “ardura handia” dela dio.
Tarteka zer edo zer idatzi izan duela aitortu du aktore ondarrutarrak. “Barrua husteko idatzi izan dut, ez besterik. Iaz, Antzerki Laburren Jardunaldirako ere taldean zer edo zer egin genuen, baina han geratu zen. Aurten, ostera, lantxoa aurkeztea pentsatu nuen, eta hara non jardunaldietan antzezteko aukeratu dutela”. Ondarrutarrak sorpresaz hartu zuen bere obra aukeratuen artean zegoela jakin zuenean. “Ez nuen espero, ezertarako ere”.
Obraren sinopsia ondokoa da: «Gizakia izaki soziala den heinean, gizakiekin komunikatzeko beharra du. Zer gertatzen da besteen azpitik zaudenean? Krisi garaietan ateratzen da gizakion alde basatia, arrazista…».
Antzerki Laburren Jardunaldia
martxoaren 16tik apirilaren 15era egingo da; 16 antzezlan ikusteko aukera egongo da. Obra laburrak izango dira. “Gurea 20 minutuko antzezlana izango da”.
Etxebarriak berak idatzitako obra izanda, aktoreak ere berak aukeratzen ditu. hala,
Josh Ortiz de Zarate eta
Iñigo Elosegi izango dira ondarrutarraren obra taula gainera eramango duten aktoreak. “Beste erronka bat da. Ea nola konpontzen naizen aktoreak zuzentzerakoan”.
HONEKIN LOTUTA: Etxebarriak Hiru emakume/Tres mujeres obra estreinatuko du eguenean, Arriagan